Hernaniko sagarzaleak eta sagardozaleak plazara

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 18a, 03:00

Herriko 11 sagardotegietako sagardoa, 30-35 sagar klase erakusketan, zizarra nola egiten den, tresna zaharren erakusketa eta abar izango dira gaur plazan,Tolareak antolatuta.

HAMAIKAGARREN urtez Sagar eta Sagardoaren eguna egingo da gaur Hernanin, Tolarea Sagardo Naturalaren Kofradiak antolatuta. Festak urteroko egitarauari eutsiko dio, eta antolatzaileek espero dute urteroko arrakasta izatea. Eguraldiak trabarik jarri ez duenean behintzat, jendetza haundiak biltzen dituen festa izan da azken urteetan.

Sagardoa 11:00etatik aurrera
Goizean goiz hasiko da gaur jaia. 09:00etan trikitilari eta txistulariek girotuko dute eguna. 10:30etatik aurrera, sagar erakusketa eta sagarrarekin egindako produktuena jarriko dute martxan. Hernanitik Manu Iradi eta Mari Karmen Urangak jarriko dituzte beren sagar erakusketa eta produktuak. Gainerako sagarrak, Diputazioak jarriko ditu.
11:00etan hasiko da sagardo probaketa. Gaur egunean herrian martxan dauden hamaika sagardotegietako sagardoa probatzeko aukera izango da plazan: Otsuaenea, Elorrabi, Zelaia, Altzueta, Itxasburu, Goiko Lastaola, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre eta Olaizola.
Sagardo berria edo zizarra nola egiten den ikusi eta edateko aukera ere izango du jendeak. Zizarra aurreneko sagarrarekin egindako muztioa izaten da eta, urtero bezala, Barkaiztegik egingo du plazan.
Kixkiarekin sagar biltzea eta tresna zaharren erakusketa ere ez dira faltako aurten. Horretaz gain, Iparragirrekoak urtero egiten du gauza bereziren bat, eta gaurko ere prestatu du sorpresa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!