Euskal curriculumari babesa azaldu zioten ostegunean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 12a, 02:00

Euskal Curriculumaren inguruko azalpenak eman eta babesa azaltzeko ekitaldia deitu zuen Hernanik Bere Eskola taldeak joan den ostegunean Biterin, Euskal curriculumaren garrantzia azpimarratu eta zein fasetan dagoen azaltzeko. Ikastolen Konfederazioak bultzata hasitako egitasmoa da Euskal curriculumarena eta Sortzen Ikasbatuaz, Eskola Kristauak, EAEko Hezkuntza saila, Udalbiltza eta beste hainbat talde ere ari dira curriculuma sortzeko lanean, gaur egun. Helburua garbia da: ´gure kulturaren transmisioa eta berrikuntza ziurtatuko duen curriculuma sortzeko apustu estrategikoa egitea`. Hezkuntza edukiak estatuen esku EAEko ikastetxeetan irakasten den edukiaren % 55 Espainiako estatuak zehazten du EAEn eta Nafarroan; eta Iparraldean Frantziako estatuarena da konpetentzia osoa. Honen eraginez ikasleek Euskal Herriko ezagutzak ez dituzte menperatzen Hernanik Bere Eskolak banatutako txostenak nabarmentzen duenez. Hernanik Bere Eskola taldeak nabarmendu du EAEko hezkuntza sailak 2003ko martxoan egindako azterketa batek dioela Euskal Herriko ezagutzetan 4,47ko nota atera zutela D ereduan matrikulatuko haurrek eta 3,95eko nota A ereduan matrikulatutakoak. Horren ondorioz azpimarratu dute ´ez dela berdina hezkuntza euskaraz jasotzea eta hezkuntza euskalduna jasotzea`. Orain zentroetan aplikatzen diren curriculumek Euskal Herriko ezagutza ez dute ziurtatzen eta horrek bultza ditu hasieran aipatutako eragileak Euskal Herri osorako baliogarria izango den curriculum bat sortzeko bidea hastera. Prozesu hau egiteko bost pauso zehaztu dira: oinarri filosofiko eta pedagogikoak adostea; jakintzagaiak zehaztu eta adituen ekarpenak jasotzea; Euskal irakaskuntzako irakasle adituen proposamenak jasotzea; hezkuntza erkidegoaren zein herritarren ekarpenak biltzea; jasotako ekarpenekin aberastutako txostena onestea, alegia, Euskal curriculuma. wBost urratsetan 1) Oinarri filosofiko eta pedagogikoak bildu eta lan metodologiak zehaztuko dituen txostena. 2003an adostasuna lortu zen eta Euskal Curriculuma: marko teorikoa eta plangintza estrategikoa txostena onartu zen. 2) Jakintzagaiak zehaztu eta adituen ekarpenak bilduko dituen azterlana egitea. Ikastolen Konfederazioak egin zuen lana EAEko hezkuntza sailak diruz lagunduta. 2004an aurkeztu zuten liburua: Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena. 3) Euskal irakaskuntzako irakasle adituen proposamen teknikoa. Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen Ikasbatuazek ardura hartu eta Eskola Kristauak EIB, Euskal Haziak eta EAEko hezkuntza sailarekin akordioa lortu zuten. 2005eko martxoan aurkeztu zen lanaren emaitza: Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma 4) Hezkuntza erkidegoaren eta herritarren ekarpenak biltzea. Prozesua urrats honetan dago. 5) Jasotako ekarpenekin aberastutako txostena onestea. Eskoletako eta herritarren ekarpenekin azken txostena osatu eta onartuko da, alegia, Euskal curriculuma.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!