Bereziartua txapeldun, Txantxangorriko 22garren sagardo lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 17a, 03:00

1.176 puntu lortu zituen irabazleak. Orokorrean, jendea gustora azaldu zen aurtengo sagardoarekin.

ASTIGARRAGAKO Bereziartua sagardotegia izan da aurtengo Txantxangorriko sagardo lehiaketako txapelduna. Bigarren Astigarragako Irigoien izan da, hirugarren Hernaniko Otsua-enea eta laugarren Donostiako Barkaiztegi.
Giro polita izan zen ostegunean Txantxangorriko lorategian. Bertan bildu ziren 156 probatzaile, 15 sagardotegitako sagardoen artean onenak aukeratzeko. Afari bapoa izan zuten, bakailua, sahieskia eta postrea, kafea, kopa eta puruarekin. Janari bultza egiteko sagardoa izan zuten lagun.

Emaitzak bertsotan
Afalondoan hasi zen sariak emateko ekitaldia, lorategian bertan. Gaueko 11:30etan lehiaketako antolatzaileek hitz batzuk egin eta Garin eta Aterpe bertsolariek agur bana kantatu zuten. Bertsolariek ez zuten beraien lana hor bukatu, izan ere, ohitura den beraz bertsotan esan zituzten sarituen izenak, laugarrenetik hasi eta txapelduna arte. Aterpek honela jakinarazi zuen irabazlearen izena: ´Bi ordu ta’erdi pasa ditugu, pozik jan eta edanda/ta gaur hemengo irabazlea/Bereziartua izan da.`
Bereziartuak 1.176 puntu lortu zituen, Irigoienek 1.163, Otsua-eneak 1.153 eta Barkaiztegik 1.147 puntu. Guztiek trofeo bana irabazi zuten eta Bereziartuak txapela ere bai.

Zazpigarren mahaia irabazle probatzaileen artean
Sagardotegiez gain, probatzaileek ere izan zituzten sariak. Puntuazio xuxenena ateratako mahaiak eraman zuen saria eta zazpigarren mahaia suertatu zen irabazle. Mahaiko kide bakoitzak opari bana jaso zuen ordainetan.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!