Hernanik talde gaztearekin ekingo dio juniorretako lehen urteari

Kronika - Erredakzioa 2005eko irailaren 17a

Zazpi jokalari lehen urteko jubenil dira eta lau 2garren urteko kadete. Taldearen gogoa nabarmendu du Ibon Ocaña entrenatzaile berriak.

ALDAKETAREN bat gora behera, iazko talde bera du aurten ere Hernanik, junior mailako bere lehen urtean. Iazko denboraldian ondo aritu ziren hernaniar gazteak kadete mailan eta aurten ere ilusioz gainezka ekingo diote 2garren mailari. Entrenatzaile berria izango du aurten Hernanik, Ibon Ocaña donostiarra. Eskarmentu haundia du entrenatzaile, 20 bat urtean aritua baita hainbat talde zuzentzen. Hernanira etortzeko eskaria egin zioten, eta ´gustora` onartu zuen erronka.

Gozatu eta ikasi
Aurtengo denboraldirako helburuen berri galdetuta gauzak nahiko garbi ditu Ocañak: ´kategoria hauetan gozatu eta ikasi egin behar dute saskibaloian. Lehentasuna gozatzeak du, baina, saskibaloia ondo ikasi gabe gozatzea zail den kirola da`. Ikasteko beharrezkoena dena topatu du Hernanin, entrenatzaile donostiarrak: ´kategoria honetako talde baten maila du ekipoak, baditu gauza onak eta baditu hutsuneak. Fisikoki batzuk garatuago daude eta teknikoki gauza interesgarriak ikusi dizkiet. Hala ere, azpi marratzekoa gauza bat dute, gogo haundia. Eta hori ezinbestekoa da.
Talde gaztea du Hernanik, 7 lehen urteko jubenilak baitira eta beste 4 bigarren urteko kadeteak. Askotan talde helduagoen kontra jokatzea egokituko zaie beraz, baina, horrek ez du kezkatzen entrenatzailea: ´egokituko zaizkigu fisikoki gehiago diren taldeak, baina, horrekin ez da larritu behar. Normalean ondo moldatuko garela uste dut`.

Gaur lagunartekoa
Gaur lagunarteko partidua jokatuko du Hernanik Atletiko San Sebastianen kontra, 12:00etan Aieten. Azken partiduan puntu bakarragatik galdu zuen Hernanik Atletikoren kontra eta gaur saiatuko dira arantza hori ateratzen. Liga, urrian hasiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!