DATORREN igandean egingo da Sagar eta Sagardo Azoka Hernanin, Tolarea
kofradiaren eskutik. Kronikari esandakoaren arabera, 1.000 edalontzi pronto
dituzte eta baita pintxoak egiteko makinaria guztia ere. Urteroko moduan,
Hernaniko sagardotegietako sagardoa probatzeko aukera izango da: Alberro,
Altzueta, Elorrabi, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Olaizola,
Otsuenea, Rufino eta Zelaiako sagardoa.
Goizean hasita
Goiz guztiko festa dago antolatua iganderako. Goizeko 09:00etan kalejira
izango da txistulariekin; 10:30etan irekiko da sagar eta sagarrez egindako
produktuen erakusketa plazan bertan; 11:00etan sagardo probaketa izango da
13:30ak ingurura arte; 12:00etan, sagar biltzeko prozesua erakutsiko dute; eta
12:30etan sagardoa egiteko prozesua azalduko dute plazan bertan.