HERNANI bertsoaren kabi dela esan izan da eta kabi horretako parte izan nahi
duten gazteek ostiralero ordu bete izango dute horretarako, 17:00etatik
18:00etara. Bihar izango da ikasturteko lehenengo klasea, bai iaz bertso eskolan
ibili zirenentzat eta baita aurten animatzen diren berrientzat ere. Bertso
klaseak 18 urtez azpiko gazte guztientzat izaten dira eta irakasle aritzen dira
eskarmentu dezentea duten bertso eskolako bertsolariak. Zita, Biteri aurreko
plazan egingo dute, arratsaldeko 17:00etan.
Ondo paseaz ikasi
Bertsotan jolas bidez erakusten dute Hernaniko Bertso Eskolan, Estitxu
Eizagirre irakasleetako batek Kronikari esan dionez. Hasi ordurako jendea
kantuan jartzeko joko eta moduak bilatuak dituzte eta ´hizketan dakiten
guztientzat` dago tokia. ´Jolas bidez pixkanaka bertsotan erakusten saiatzen
gara eta molde horretan denontzako dago tokia, ausartak nahiz lotsatiak izan`
irakaslearen hitzetan.
Barruan duguna ateratzeko
Bertsoa, hitzaren jolas izateaz gain, gazteek barruan dutena atera eta
sortzeko erreminta oso garrantzitsua da Eizagirreren hitzetan: ´erakutsi,
erakutsi liteke, baina, gero norberak barruan duena ateratzeko balioko dio
bertsoak, bere bidea egiteko`. Iaz 15 gazte aritu ziren Hernaniko bertso
eskolan.
Ekitaldi bereziak
Asteroko klaseaz gain, bertso eskolako kideentzat izaten dira zenbait zita
berezi eta aurtengo kurtsoan ere izango dira, animatzen direnentzat: Aste
Santuan irteerak, Eskolarteko Txapelketa, udalekuak, bertso saio bereziak,
ikastetxeetan bertso saioak eta abar.