KZ Gunean 1.000 lagunetik gora

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 14a, 03:00

Bi ikasturtetan jendea erruz ibili da eta hirugarrena martxan da. Ordenagailu eta interneteko oinarrizko kurtsoak eskaintzen ditu.

KZ gunean hasi da ikasturte berria, ordenagailua eta interneta erabili nahi duen jendearentzat. Oinarrizko ezagutzak ematen dituzte eta tartean ikastaro bereziren bat ere bai. Ikastaro normalak bi astetakoak dira eta 55 urtetik gorakoentzako beste ikastaro berezi bat bada, oraindik oinarrizkoagoa. Ordenagailu gelak arrakasta haundia izan du jarri zutenetik eta aurtengo ikasturterako ere jende asko ari da izena ematen. Ireki zutenez geroztik 1.000 lagunetik gora izan dira KZ gunean, bertako arduradunek Kronikari esan diotenez.

Irailekoak martxan
Iraileko ikastaroak martxan dira dagoeneko eta urrikoetarako ari da jendea izena ematen. Bi asteko ikastaroetan egunean bi ordu ematen dira eta ordutegi desberdinetan: 09:00-11:00, 11:00-13:00, 16:00-18:00, eta 18:00-20:00. 

Ikastaro bereziak
Ohizko ikastaroez gain, ikastaro bereziak ere badira KZ Gunean. Orain esaterako argazkiak tratatzen ari dira erakusten eta jende askok eman du izena. Horrez gain, aurrezki kutxekin harremanak ordenagailu bidez ikasteko programak, lana bilatzeko helbideetan ibiltzen ikastekoak eta abar ematen dituzte. 

1.000 erabiltzailetik gora
KZ guneak ikastaroez gain, erabiltzaileentzako gela bat ere badu, nahi duenak ordenagailuak erabili ahal izateko. Ikastaroa egin dutenen eta erabiltzaileen artean 1.000 lagunetik gora pasa dira dagoeneko KZ gunetik. Ia erabiltzaile guztiak 25 urtetik 55 urte bitartekoak dira, eta gehienak emakumezkoak. Ikastaroak egiten dituen jenderik gehiena berriz, 35 urtetik 55 urte artekoa da, zenbat eta jende gazteagoak orduan eta hobeto baitaki ordenagailua erabiltzen normalean. 

Izen ematea zabalik 
Ordenagailu mundura salto egin nahi duenak aukera du ikasturte guztian zehar. Horretarako KZ gunetik pasa besterik ez du (Biteri kultur etxean) edo bertara deitu: 943 33 26 90. Ordutegia: 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!