Kurtso hasierarekin batera, igerilariak uretan bustitzeko prest

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 14a, 03:00

Hernani K.E-ko igerilari taldeak 67 fitxa egin ditu. Aste honetan hasi dira entrenatzen.

ASTELEHEN arratsaldean Hernaniko igerilari taldeak hitz ordua zuen kurtso berriari hasiera emateko. Kiroldegi ondoan argazkia egin eta datozen hilabeteetarako entrenamendu plana ezagutu zuten maila ezberdinetako igerilariek.
Aurten fitxa dezente egin ditu K.Ek igeriketan, guztira 67, iazko kopuruaren antzekoa beraz. Entrenamenduak hiru taldetan banatu dituzte: alebinek 18:00etatik 19:00etara; infantilak 19:00etatik 20:00etara; hortik gorakoak (junior, promesa eta absoluto) berriz 20:00etatik 22:00ak bitartean entrenatuko dute

Heziketa eta konpetizioa
Gerizpe Iraola eta Jon Ander Isuskiza izango dira aurtengo entrenatzaileak eta Kronikari adierazi diotenez heziketa eta konpetizioa landuko dituzte. Txikienen artean heziketari eta igeri ondo egiteari garrantzi gehiago emango zaio. Hortik aurrera konpetizioa izango da batez ere landuko dena. Hala ere talde lanari eutsi nahi diote maila guztietan eta horretarako igeriketa taldeak irteerak egingo ditu urtero bezala.

Udan, neguan baino gehiago
Udan lan gehiago izaten dute igerilariek eta negua lasaixeagoa da. Izan ere, uda sasoian 50 metroko igerilekuetan igeri egiteko aukera izaten dute. Txapelketa ezberdinetara joateko norberaren denbora marka begiratzen da eta zaila izaten da sartzea, batez ere Euskadi edo Espainiakoan. Dena den, horretaz gain torneoak ere izango dituzte urte osoan zehar Hernaniko igerilariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!