«Jendea tomateak ikustera etorri eta harrituta joaten da»

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 11a, 03:00

Tomateak landatzea erraza da, ez hain erraza tomate onak ateratzea. Oraindik zailagoa da tomate erraldoiak izatea. Hernanin, Jose Lopez-en Alberro ondoko baratzak harrituta uzten ditu ondotik pasatzen direnak. Aurten ere kilo pasako tomateak etorri zaizkio.

Ez da lehenengo aldia horrelako tomate erraldoiak izaten dituzula zure baratzean...
Ez, lehenago ere izan ditut tomate haundi askoak. Orain dela bi urte esaterako, kilo eta erdiko tomateak izan nituen. Baina aurtengoa berezia izan da, aurten denak atera zaizkit haundi haundiak eta asko izango dira kiloa edo kilo eta erdia pisatuko dutenak. Kalabazin erraldoi bat ere atera zait. Jendea ikustera etortzen da eta harrituta ateratzen da hemendik.

Noiz hasi zinen tomateak hemen landatzen?
Orain dela hamalau edo hamabost urte, nire lankide batek tomate landare batzuk eman zizkidan. Ordutik, landare horien haziak erabili ditut.

Eta zein da zure sekretua, nola ateratzen zaizkizu horren tomate haundiak?
Nik uste, alde batetik, hazia dela garrantzitsua, tomate landare klase ezberdinak baitaude. Gero abonoa botatzeko modua ere bada, nik zuloa egiten dut eta hor botatzen dut ximaurra, hazia joango den lekuan. Sulfatatu ere egiten ditut, baina ez diet beste inolako produkturik botatzen.

Eta jateko, zer moduzkoak dira?
Oso onak, landarean uzten ditut gorritzen eta haragi xamurra izaten dute barruan. Guk gustora jaten ditugu baratzan daukagun txokoan, entsaldan adibidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!