Izokia galdu zuten arrazoien bila

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 11a, 03:00

Dokumentala BCO frantziar produktora ari da egiten, FR3 katerako. Urumea errioari buruzko dokumental zatia Moztu Filmak produktorari eskatu diote eta hauek materiala biltzen ari dira filmatzen hasi aurretik. Presa eta industriarekin lotutako argazki eta irudiak ari dira biltzen, 80garren hamarkada artekoak. Aurkitzeko material zaila izaki, dei egiten diete ezer izan lezaketen hernaniarrei. Harremanetan jartzeko: 943 224868 telefonoa (astelehenetik ostiralera, 09:00-18:00etara) eta info@moztu.net helbide elektronikoa.

IZOKIAREN egoerari buruzko dokumental bat ari da egiten BCO produktora frantziarra. FR3 kateak ibaiei buruzko dokumentalak botatzen ditu eta Urdazuri, Bidasoa eta Urumeako izokiari buruzko dokumentala ari dira prestatzen orain. Urumeako dokumental zatia egiteko Moztu filmak produktorarekin jarri da harremanetan BCO, eta lau kidetatik bi hernaniarrak dituen produktora jo eta su ari da materiala biltzen, grabazioak hasi aurretik.

Izokiaren galera
Bidasoan ez bezala, Urumea ibaian galdu egin zen izokia, 40garren hamarkada inguruan edo. Benetako arrazoia zein den jakitea ez da erraza Moztuko kideek Kronikari esan diotenez baina arrantzarako dinamita erabili izana da arrazoietako bat. Hala ere izokiari kalterik gehien egin diotenak presa hidroelektrikoak eta papelerak dira kide hauen hitzetan: ´presak egiten hasi zirenean ez zen kontuan hartzen izokiak arrautzak errutera igotzeko ranpak behar zituenik. Bestalde, papelerek botatzen zuten zikinkeriaren adibideak badaude, Urumea errioa Donostian aparrez gainezka datorren argazki bat adibidez`. Gerora, 70garren hamarkadan, egin zen kolektorea, baina, dirudienez kutsadurak kezkatuta baino gehiago Donostiako turismoarentzat errio zikinak ematen zuen itxura txarragatik. Horrek asko garbitu du Urumea eta 90garren hamarkadan hasi ziren izokia repoblatzen Urumean eta gaur egun ere izoki asko askatzen du Diputazioak.

Argazki zaharren bila
Moztuko kideak ari dira materiala biltzen baina dirudienez ez da xamurra 80garren hamarkada aurreko argazkiak bilatzen. Presa eta industriari buruzko argazkiak behar dituzte edo horrekin harremana duten argazkiak: ibaiaren kutsadura dela... material biltze horretan herritarren laguntza eskatu dute Moztuko kideek: papelera edo presekin zerikusia duten argazki edo irudiak dituenak deitu lezake Moztura edo internet bidez harremanetan jarri. Telefonoa 943 224868 (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 18:00etara) eta e-maila: www.info@moztu.net.

DOKUMENTALAREN SINOPSIA

Izoki atlantiarra (Zientif.: Salmo Salar) ikusten da urean dabilela garai batean bezala. Gero dokumentaleko hiru ibaiak ikusiko dira gaur egun nola dauden: Urumea, Bidasoa eta Urdazuri. Izoki atlantiarra ia galdu zen Euskal Herrian eta hiru ibaien historia esplikatzen da. Urumean erabat galtzera iritsi zen, Bidasoan asko gutxitu zen baina ez zen galdu eta Urdazurin, galdu erabat galdu zen baina lortu dute berriz lehengo egoerara itzultzea, ugalketa sistemen bidez. Andres Urzelaietak kontatzen du nola 1940 urterarte 10 kiloko izokiak harrapatu zitezkeen Bidasoan eta beraiek nola ikusi zuten izokia bakantzen. Jacques Dumasek izokia nola ugaltzen den esplikatuko du eta uraren kalitateak nola eragiten dion organismoan. Iñigo Mendiolak gogoratuko du 80 hamarkadan uraren kalitateak onera egin zuela fabrika batzuk itxi eta kolektoreak jartzeagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!