BITERI Kultur Etxera hurbiltzen denak Victor Goikoetxearen azkeneko lana
ikusteko aukera izango du egun hauetan. Goikoetxeak 9 metro luze eta 2,7 metro
zabaleko murala egin du, Tarragonako jatetxe batentzat.
Ez da lehenengo aldia artista hernaniarrak horrelako muralak egiten dituela eta
pintura errealista lantzen urte mordoa darama gainera. Apirilean bertan,
Bartzelonako Costrumand ferirako obra bat egin zuen pintura figuratiboan edo
errealistan oinarrituta.
Priorat lurraldeko ardoaren historia
Biterin egun hauetan ikusgai dagoen muralean Tarragonako Priorat lurraldeko
zenbait paisaia eta irudi agertzen dira, denak bertan egiten den ardo
famatuarekin lotuta. Izan ere, egilearen asmoa izan da ´ardoak bertan izan duen
zortzi mendetako historia erakustea`, dio. Murala Falset izeneko herrian dagoen
jatetxe batean ipiniko denez, inguruko gaiak landu ditu Goikoetxeak.
Murala hiru zatitan dago banatuta arku batzuen bidez eta garaian garaiaren
arabera. Arku bakoitzean eszena eta paisaia bat ikusi daiteke. Lehenengo zatian
Escaladei izeneko abadiaren paisaia bat azaltzen da. Abadia monje cartujo-ek
egin zuten orain 800 urte, ardoa lurralde haietara eraman zutenek, hain zuzen.
Bigarren zatian Priorat-eko bodega tipiko bat azaltzen zaigu arkupean, gizonezko
batek egurrezko kupeletik ardoa ateratzen du.
Hirugarren zatian berriz, gaur egungo irudi bat ikusi daiteke. Goikoetxeak esan
duenez zati honetan irudikatu nahi izan du azken aldian ardo bodegetan
nagusitzen ari den tendentzia arkitektonikoa, Frank Gehry edo Calatrava bezalako
arkitektoen eskutik datorrena. Horregatik, aluminioa, hormigoia eta beira
uztartu ditu zati honetan. Gainera, Falset herria ere marraztu du zati honen
atze aldeko paisaian.
Ikerketa lana oso garrantzitsua murala egiteko
Hernaniarrak muralean azaltzen diren detaile guztien historia eta zergatia
kontu haundiz azaldu dizkio Kronikari. Izan ere, bere ustetan oso garrantzitsua
da zer pintatzen duen jakitea, gero hori ikusleak somatu dezan.
Goikoetxea hiru alditan izan da Falset herrian murala pintatu duen bitartean,
bertako guztiaren berri jakiteko. Horietako batean Escaladei abadian ere izan da
gida turistiko batekin.
Oleo-akrilikoan margotutako lienzoa
Egileak oleo eta akrilikoan lan egiten du, lienzo gainean. Lehenengo
marrazkia trazatu eta gero gainetik margotzen du. Marrazkia Tarragonara eramango
dute datorren asteburuan, horretarako lienzoa biribildu eta tubo luze batzuetan
sartuko dute. Garraiatzeko ez du zailtasunik izango beraz.
Escaladei abadia: zerura iristeko asmotan?
Monje cartujo-ek eraman zuten ardoa Prioratera, Escaladei-ra. Izen bitxi honen esanahia Victor Goikoetxearen muralean aurki daiteke, monjeen armarrian: Bi monje ikusten dira eskailera baten ondoan (Escala) Jainkoarengana iristeko asmotan (Dei).