54 ‘korinto’, arbola baten bueltan

Kronika - Erredakzioa 2005eko irailaren 10a

Perretxiko asko dira jateko onak eta jakitun askoren iritziz korintoa edo gorringoa da ederrena. Amanita Cesarea du izen zientifikoa, Erromako cesarren mokadu preziatuenetakoa zelako. Ez da xamurra bilatzea, baina, badirudi azken urte hauetan gehiago irtetzen ari dela eta aurten asko ari da biltzen jendea. Bulbotik irtetzen da, txapela naranja antza du eta kirtena eta azpi aldea naranja-horizta.

PERRETXIKO urte ona dijoa aurtengo hau inguruetan, baina, Epele bailaran ikusitakoak marka gehienak hausten ditu. 54 korinto edo gorringo atera dira arbola baten bueltan zirkulu bat osatuz. Arbola bat ardatz hartuta haren bueltan atera dira korinto guztiak eta sorgin korroa (corro de brujas) deritzaiona osatu dute. Aurkitu dituenak esan digu, badirela 3 urte terreno horretan korintoak irtetzen direna: ´orain hiru urte gutxi batzuk atera ziren, iaz gehiago, baina zirrindan, eta aurtengoarekin harrituta gelditu gara, redondo perfektua osatzen baitute perretxikoek`. Garai batean pinudia zen baina orain norteko haritza, haritz japonesa eta abar daude baso horretan aldatuta eta dirudienez perretxikoei ere gustatu zaie parajea. Korintoei hazten utzi diete eta badira ale ederrak tartean. Panorama ikusita biltzeak ere pena pixka bat ematen zuen, baina, behin argazkiak aterata, on deizutela! ‘Sorgin korroa’ Perretxikoa mizeliotik sortzen da eta mizelioak zirkuloan hazteko joera du, lurrean. Mizelioaren kanpoko ertza da emankorrena eta barrukaldea antzutzen joaten da; beraz, mizelioa zirkuloan hazi bada zirkuloaren kanpokaldea izango du emankorrena eta barrukaldea antzuagoa. Horregatik osatu litzazkete perretxiko zirkuloak, mizelioaren kanpokaldean sortzen direlako. Mizelio horrek urtez urte hazten segiko du eta terrenoa ona bada zirkuloan segi lezake hazten eta gero eta perretxiko zirkulo zabalagoa eman lezake. Terreno oso berdinak ez direnean ordea, mizelioak forma desberdinak hartuko ditu denborarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!