HERNANIKO Udalak urtero egiten du herritarrek euskera ikasi eta trebatzearen
aldeko kanpaina eta atzo Txema Mercado euskera zinegotziak, Jokin Nazabal Udal
Euskaltegiko zuzendariak eta Oihana Romero, AEKko zuzendariak, prentsaurrekoa
eman zuten ikasturte berriaren inguruan. Mercado zinegotziak nabarmendu zuen
azken inkestek erakusten dutela euskera dakien gero eta jende gehiago dagoela,
baina, erabilera ez dela haunditzen. Euskerak denen konpromisoa behar duela
nabarmendu zuen, eta lan horretan euskaltegiek eragin haundia dutela. Horrez
gain, udalak ematen dituen diru laguntzen berri ere eman zuen Mercadok:
herritarrentzat laguntza desberdinak daude, eta matrikularen lautik hiru ere
ordaintzen du udalak, zenbait kasutan.
Eskaintza zabala
Jokin Nazabal eta Oihana Romerok beren eskaintzaren berri eman zuten
ondorean. Bai Udal Euskaltegiak eta bai AEKk eskaintza zabala aurkeztu zuten:
Zerotik EGA mailarainoko klaseak (astean 4 edo 5 egunekoak), titulazioa
ateratzeko aukera, tutoretzak, ikasleari jarraipen indibiduala egiteko aukera
eta abar.
Ikastaro zehatzak
Ohiko ikastaro hauez gain, beste zenbait eskaintza ere badute bai Udal
Euskaltegiak eta baita AEKk ere: udal euskaltegiak guraso eta merkatariei
zuzendutako ikastaroak ditu eta laster medikuntzako profesionalei zuzendutako
ikastaro bat jarriko du martxan. On-line ikastaroa izango da, baina, astean 2
orduko mintza praktika egiteko aukerarekin. Medikuntza munduko profesionalei
zuzendutako ikastaroa da, euskera jakin bai baina, beren arloan euskeraz
espresatzeko trebetasuna eta konfidantza behar dutenentzat. Horrez gain,
asteburuetako barnetegiak eta mintza praktika lantzeko beste zenbait ikastaro
ere eskainiko dituzte.
AEK euskaltegiak auto-ikaskuntza izango du aurten ere: etxean edo euskaltegian
norbere kaxa ikasteko aukera, tutore baten laguntzarekin eta mintza praktika
klaseekin. Goizeko 09:00etatik 21:00etara emango dute zerbitzu hau. Horrez gain,
Zilegi eskolek ere jarraituko dute, besteak beste: ikastaro motzak euskeraz gai
askoren inguruan.
Matrikulazioa zabalik da Udal euskaltegian eta AEK euskaltegian astelehenean
irekiko dute. Ikasturtea hilaren 26an hasiko du Udal Euskaltegiak eta urriaren
3an AEK euskaltegiak.