Bi hilabetetik gorako oporrak eta gero, bihar hasiko dute ikasturtea
Hernaniko 2.500 ikaslek, Hernaniko sei ikastetxeetan: Langilen, Urumean,
Elizatxon, Inmaculadan, Txirritan eta Hernani Institutuan. Irailean goizetik
bakarrik izango dituzte klaseak ikasle gehienek, eta urritik aurrera hasiko dira
goiz eta arratsalde.
Langile, lau zentrotan
Langile ikastolak lau zentrotan hasiko du ikasturte berria bihar. Meaben
2-3-4 urtetakoak hasiko dute kurtsoa, goizeko 09:00etan; Bidebietan, 5 urtekoak
hasiko dira, hauek ere 09:00etan, eta Laubidietako zentroan Lehen hezkuntzako
ikasleek hasiko dute kurtsoa, goizeko 09:00etan. DBHko ikasleak ordubete
beranduago hasiko dira, 10:00etan, Santa Barbarako eraikinean. Langile ikastolak
berria du Bidebietako zentroa, Antziola eta Perkaiztegi kaleen artean dagoen
plazan.
Urumea, Elkano eta Gay Murren
Urumea ikastolako ikasleek goizeko 09:00etan hasiko dute ikasturtea haur eta
lehen hezkuntzan. Haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako laugarren maila arteko
ikasle guztiek Gay Mur eraikinean dituzte klaseak, eta lehen hezkuntzako 5-6
mailetako ikasleek Elkano eraikinean. DBHko ikasleek goizeko 11:00etan hasiko
dute ikasturtea, Elkano kaleko eraikinean.
Elizatxo, bi zentrotan
Elizatxo ikastolako haur eta lehen hezkuntzako ikasleek Elizatxo auzoko
eraikinean hasiko dute kurtsoa bihar, goizeko 09:00etan. DBHko ikasleek, berriz,
goizeko 10:00etan dute kurtso hasiera, Gabriel Celaya eraikinean.
Inmaculada
Inmaculada ikastetxean haur eta lehen hezkuntzako ikasleek goizeko 09:00etan
hasiko dute ikasturtea. DBHkoak izango dira goiztiarrenak eta ikasturtea goizeko
08:30etan dute hastekoa.
Txirritan goizetik
EreƱotzuko Txirrita ikastetxean goizeko 09:00etan hasiko dute ikasturtea
ikasle guztiek. Haur eta lehen hezkuntza ematen dute Txirritan.
Hernani Institutuan eguerdian
Hernani Institutuak ere bihar hasiko du ikasturtea, eguerdiko 12:00etan.
Hiru batxilerrak (Teknologikoa, Natur zientziena eta humanistikoa) Agustin
Iturriagan izango dira; Lau ziklo Karmelo Labakan (ekipo eta instalazio
elektroteknikoak eta mekanizazioa erdi mailakoak eta proiektu mekanikoen
garapena, eta instalazio elektroteknikoak goi mailakoak). Agustin Iturriagan goi
mailako ziklo bat emango dute: animazio sozio-kulturala.