Antonio Costa EAko zinegotziak Diario Vascon abuztuaren 29an argitaratutako iritzi artikuluaren inguruan, prentsa oharra bidali du Hernaniko Batasunak. Oharrak dioenez, Costak eta EAk ´beren buruzagi politikoekin dituzten liskarrak` azaldu dituzte eta ´horretarako ezker abertzaleaz baliatu nahi izan du`. Batasunak uste du Costak ´bere burua galtzen duela` artikulu horretan.
´Ezker Abertzaleak udaletan dagoen egoera antidemokratikoa aldatzeko eskatu dituen pausuen aurrean (dimisioak eta 182.2 artikuloa)`Costaren jarrera penagarria dela uste du Batasunak. Batasunak salatu du Costak ´egurra` eskatzen duela ezker abertzalearentzat eta dio erabiltzen duen ´hizkuntza arkaikoak frankismoko manual batetik aterea` dirudiela.
´Ezkertiar eta abertzaleak`
´Benetan zein garen esatea eskatzen duzu, baina noiz gorde du ezker abertzaleak nor den? Hernanin ezker abertzaleak udal hauteskundeetako osatu izan dituen zerrendetan, Hernanin sobera ezagunak ziren gizon emakumeak, gazte eta helduak, euskaldunak, ezkertiarrak eta abertzeak izan dira. Harrigarria iruditzen zaigu ezker abertzalearen lan gaitasuna eta abertzaletasuna zalantzan jartzea` nabarmentzen du Kronikara bidalitako oharrak.
Batasunak uste du ´Partiduen Legearen defentsa sutsua` egiten duela Costak ´Apartheid politikoaz baliatzen direlako interes partidistak aurrera ateratzeko`. Oharrak dio Costa zinegotziak ukatzen duela Bildu Hernanik azken hauteskundeetan parte hartu izana; ´3661 herritarren babesa jaso zuen. Hau ez al da parte hartzea?` galdera egiten du.
Zazpi zinegotzi
Hernaniko Batasunak gaineratu du BHri 7 zinegotzi dagozkiola ´jasotako bozken arabera` baina beste partidu politikoek ´banatu dutela pastel hori`. ´EAk 3 zinegotzi lapur ditu, EBak 2, PSOEk 1, eta PPk 1` salatu du Batasunak. Honen aurrean, ´zinegotzi lapurrak dimititu eta bere postuak herriak aukeratu dituenak hartu ditzatela` eskatu du Batasunak ´Azkoitiko kasuan egin den bezala 182.2 artikulua aplikatuz`.
Bukatzeko Batasunak eskatu du ´adierazpen hauek alde batera utzita demokraziaren eta herri borondatearen errespetu haundiagoa espero dugu ordezkari politikoengandik, gatazka honen konponbidea lortzeko`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!