Horixe omen ziren Iguazuko katarata famatuak garai batean. Iturri polit bat Domingo Ayarragaray hernaniarraren jabego barruan. Berak erosi zuen gaur egun Argentinako parke nazionala den Iguazu guztia, nahiz eta gero publiko bihurtu zen inguru hori.
Iguazu kataratak Argentinako iparraldean daude, Misiones probintzian, Iguazu eta Parana ibaiak elkartzen diren lekuan. Inguru guztia baso subtropikal haundi batek osatzen du eta parke nazionalak 67.00 hektarea ditu. Iguazu ´ur haundiak` esan nahi du indigenen hizkuntzan eta katarata famatua 275 ur jauziz osaturik dago, asko 40 eta 80 metro artekoak. Horrek, soinu, baso eta lanbroz betetako leku eder bat osatzen du eta horregatik da hain ezaguna munduan.
Domingo Ayarragaray, jabe izan zen hernaniarra
Lur eremu guzti horien jabe izan zen Domingo Ayarragaray, hernaniar jatorrikoa. Berak erosi zizkion Lezama abizeneko familia bat 1907 urtean. Guztira 75.000 hektarea inguru, kataratak barruan zirela. Dena den, Argentinako Gobernuak pentsatu zuen inguru hori turismorako bideratu behar zela eta lurra erreserbatu zuen, gerora erosteko. Hori ikusita Ayarragarayk turismorako prestatu zuen Iguazu. Egurrezko hotel bat eraiki zuen Puerto Iguazu herrian eta bideak ireki zituen kataratak ikusi ahal izateko.
1928an Argentinako Gobernuak lur guzti horiek bereganatu zituen eta urte batzuetan txukunketa lanak egin ondoren 1934an ireki zuen parkea, gaur egun ezagutzen dugun bezalaxe (75.000 hektarea horietatik zati bat ejertzitoari eman zizkioten).
Hernaniarrrak oraindik
badabiltza lore tokian
Ez dira gutxi azken urteetan Argentinara joan diren hernaniarrak, bidaiatzera edo lan egitera. Horietako asko seguruenik Iguazun izan dira, jakin gabe hernaniar batenak ziren lurrak zapaldu dituztela. Argazkian ikusten den Hernaniko taldea uda honetan izan da Argentina iparraldea ezagutzen eta Iguazuko katarata ederrak ikusteko parada izan dute bertan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!