Eva Esnaola hernaniarrak laugarren egin zuen 40 urtetik gorako kategorian.
LARUNBATEAN, Donostian egin zen maratoiarekin batera bukatu da Atletismoko Beteranoentzako Munduko Txapelketa. Eguraldi bero eta sargoriari aurre egin behar izan zioten atletek eta askok ezin izan zituzten 42,2 kilometroak bukatu, ito larriak jota edo nekeak eraginda. Maratoian 1.200 korrikalari inguruk hartu zuten parte.
Hernaniarrak ondo
Bost hernaniarrek hartu zuten parte maratoian eta horietatik denbora hoberena egin zuena Eva Esnaola da, 3:17:56 behar izan zituen karrera bukatzeko eta laugarren postua lortu zuen. Beraz, brontzezko domina lortzetik postu bakarrera geratu da hernaniarra. Bere ahizpak ere, Idoia Esnaolak, postu on bat lortu zuen, bederatzigarren egin baitzuen bere kategorian, 35 urtetik gorakoetan. Idoiak 3:50:19rekin amaitu zuen karrera eta bere marka pertsonala asko jaistea lortu zuen.
Mutilentzat ez zen hainbesteko zorterik izan, Paco Gallegok 4:10:28 egin zuen, bere markatik oso gora eta Felipe Agirrezabala eta Ketxus Garinek ezin izan zuten karrera amaitu. Garinek, karrera probatzera bakarrik aterako zela esana zuen lehenago ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!