BADIRA urte batzuk Zikuñagako jaiak ez direla egiten, baina jai horiek nolabait berpiztu nahian umeentzako festa antolatzen du urtero auzo elkarteak.
Atzo egun ederra izan zuten auzokoek. Goizean goizetik etxafuegoen soinuak esnatu zituen ume guztiak. Hamaikak aldera hasi ziren jolasak kirol zelaian eta bertan, umeez gain, helduek ere parte hartu zuten.
Pailazoak eta txokolatada
Iaz gertatu bezala, pailazoek izan zuten arrakasta gehien, Shambo eta Konpainiarekin. Ondoren egin zen txokolatadan muturrak gogoz zikindu zituzten haur guztiek.