Zerbeza, errugbia eta giro ona Hernanin datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 4a, 03:00

Errugbi elkarteak bigarren zerbeza feria antolatu du irailaren 8an hasi eta 11ra bitartean Tilosetan. Inaugurazio ekitaldira Biarritz Olympique-eko ordezkaritza bat gonbidatu dute. Baina nobedade gehiago ere izango dira aurtengoan: karpa haundiagoa, ordutegi zabalagoa... Lehengo urteko arrakasta ikusita, jai polita espero dute antolatzaileek.

IAZ egin bezala, zerbeza feria antolatu du Hernani Club de Rugby Elkarteak (HCRE) aurten ere. Lehenengo edizioko arrakasta ikusita, antolatzaileek uste dute aurten jende asko ibiliko dela. Feria datorren ostegunean hasiko da eta nobedade dexente dakarzki gainera. Biarritz Olympique aurtengo gonbidatua Lehengo urtean Ixaak Salaberria izan zen Errugbi Elkarteak inauguraziora gonbidatu zuen pertsonaia. Aurten, Biarritz Olympique Iparraldeko errugbi taldea gonbidatu dute eta bertatik ordezkaritza bat etorriko da inaugurazioan parte hartzeko. Antolatzaileen hitzetan, BO da momentu honetan Euskal Herriko talde garrantzitsuena eta indartsuena, Frantziako txapeldun izan baita. Gainera, HCREk aspalditik izan ditu hartu eman estuak Miarritzeko taldearekin eta hori guztia dela-eta gonbidatu dute aurtengo zerbeza feriara. Inaugurazioa zerbezaz beteriko barrikote bat irekita egingo dute. Antolatzaileek diotenez Alemanian ere ohikoa da zerbeza feriak modu horretan irekitzea eta ´hemen ere badaukagu horretan esperientziarik`, diote. Ekitaldia trikitiaz lagundua izango da eta bi elkarteetako kideek hitz batzuk egingo dituzte bertan. Karpa haundiagoa Feria Tilosetan jarriko dute iaz bezala, baina karpen egitura ezberdina izango da: karpa haundia karratuagoa eta haundiagoa izango da, bertan jarriko dute zerbeza hartzeko barra. Horretaz gain, beste hiru karpa txiki jarriko dituzte kiosko inguruan eta guztira 500 pertsonentzako mahai eta aulkiak izango direla pentsatzen dute. Sukaldea berriz Tilosetako kioskoan bertan joango da: ´Baina jendeak ez du ikusi ere egingo, estali egingo baitugu`, diote. Aurten feria barruko eremuan pantaila haundi bat jarriko dute eta bertan nazioarteko errugbi partiduak ikusi ahal izango ditu jendeak. Gainera, musika ere izango da, ingurua girotzeko. Kodilloa, saltxitxak eta zerbeza aukeran Iaz jatekoan eskas xamar ibili ziren eta aurtengoan jateko eta edateko gehiago ekartzea erabaki dute. Guztira 6.000 litro zerbeza edango direla espero dute antolatzaileek eta marka asko izango dira: Guiness, Murphys, Paulaner, Afligern (iaz gehien edan zena), Desperados, Fisher, Amstel, Buckler (alkoholik gabea) eta Heineken. Hain zuzen, azken marka honek suministratuko dizkio zerbeza guztiak Errugbi Elkarteari. Jateko aldetik, kodilloa, saltxitxak eta haragi pastela izango dira eta postre gisa beste pastel txiki batzuk. Guztira 1.000 kodillo erreko dituztela kalkulatzen dute eta 4.000 bat saltxitxa. Jatekoa eta edariak kabina batetan txartelak erosita eskuratu ahal izango dira, lehengo urteko moduan. Lan-taldeak ferirako Joan den ostegunean bilera egin zuten Landaren feria aurrera eramateko lan-tadeak osatzeko asmotan. Guztira 200 lagun inguru beharko dituzte lan-talde horiek osatzeko. Taldeak modu honetan daude banatuta: Ostegunean Elkarteko sozioek egingo dute lana ferian; ostiralean berriz eskolako taldeen gurasoen txanda izango da. Larunbatean jokalariak izango dira feriko lanetan, seniorrak, juniorrak eta jubenilak; bukatzeko, igandean elkarteko jokalari ohiak eta gainerako adiskideak lagunduko dute bertan. Egunean bi turno antolatu dituzte, eguerdiko 13:00etatik 17:00ak arte lehenengoa eta 18:00etatik 01:00ak arte bigarrena. Ferian lagundu nahi duenak telefono honetara deitu dezake: 675 71 13 30 (Joxelu). Bazkariak, meriendak eta afariak: ordutegi zabalagoa aurten IIgarren Garagardo Azoka honetako nobedade nagusietako bat izango da ordutegia zabaldu egingo dutela. Iaz soilik afariak zerbitzen ziren eta aurten bazkariak, meriendak eta afariak izango dira. 12 orduz jarraian irekita egunero Irailaren 8an, osteguna, inaugurazio ekitaldiarekin irekiko dute feria, arratsaldeko 19:00etan, eta goizaldeko 01:00ak arte egongo da zabalik; tartean afariak emango dituzte. Ostiraletik igandera berriz, eguerdiko 13:00etatik 01:00tak arte irekiko dute, hamabi orduz jarraian. Eguerdian sukaldea 16:00ak arte egongo da irekita, bazkariak emateko. Arratsaldeko 16:00etatik 18:00ak arte karpa haundiko barran zerbeza hartzeko aukera izango da. 18:00etatik aurrera sukaldea berriro irekiko da eta meriendak eta afariak emango dituzte gaueko 11:00ak arte. Barrak ordea, goizaldeko 01:00ak arte irekita jarraituko du zerbeza edan nahi duenarentzat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!