Ezkurra txapelduna da faborito baina Lizaso ere oso joko onean dago. Biak gustora gelditu dira materialarekin. Partidua gaur arratsaldeko 17:00etan jokatuko da Galarretan. ETBk zuzenean botako du.
Koteto Ezkurra eta Iñaki Lizaso erremontistek buruz buruko XXgarren txapelketako finala jokatuko dute gaur Hernanin, Galarreta frontoian. Doneztebeko bi pelotariak partidu bana jokatuta sartu dira finalera, eta biak ere joko onez iritsi dira kirol honen urteko konpromisorik garrantzitsuenera. Bai Lizasok eta bai Ezkurrak iragarri dute final gogorra eta polita izango dela gaurkoa. Erremonte zaleek, berriz, iazko partidu zoragarria dute gogoan, eta aurten ere orduan adina gozatzeko esperantza.
Koteto Ezkurra aurrelaria da oraingo txapelduna eta hamaikagarren buruz buruko finala du gaurkoa. Zortzi txapel ditu irabaziak, eta beste bietan txapeldunorde gelditu da. Ezkurraren ustez, gaur irabazteko klabea izango da Lizaso kantxan mugitu araztea, eta pelota ezker paretatik ateratzea. «Hala ere, partidu batera ezin da estrategia bakarrarekin joan, partiduan bertan ikusi behar da nola jokatu» esan zuen.
Hain zuzen ere, Iñaki Lizaso atzelariak kendu zion txapela 2000garren urtean Ezkurrari. Aurten ere aukerak dituela ikusten du Lizasok: «zaila da Kotetori irabaztea, baina, hemen denok dauzkagu bi beso eta bi hanka». Atzelari nafarrak txapel bat eta hiru txapeldunordetza ditu. Biek elkarrekin jokatzen duten bosgarren finala da eta oraingoz Ezkurrak hiru irabazi ditu eta bat Lizasok.
Materiala, ona
Bi finalistak konforme gelditu ziren ostegunean aukeratutako materialarekin. Ezkurraren hitzetan «oso material polita da, eta azpitik asko ibiltzen dena, partidua aurrera joan ahala nola erantzuten duen ikusteko badago ere». Ezkurrak, 120 gramoko bi, 119ko bat eta 118ko beste bi pelota aukeratu zituen. Iñaki Lizaso ere oso gustora gelditu zen materialarekin «peloteatzeko pelotak dira, toke onekoak, eta partidua ez hausteko modukoak. Enpresak asmatu egin du». Lizasok 120 gramoko bi pelota, 118ko beste bi eta 116 gramoko pelota bat aukeratu ditu gaurko finalerako. Casino Kursaaleko finala 17:00etan hasiko da, eta ETBk zuzenean botako du.
Zalakain-Astibiak eta Matxin IV-Aizpurua II-k Gazte txapelketako finala jokatuko dute
Arratsaldeko 16:00etan jokatuko dute.
IIIgarren Gazte Txapelketako erremonte finala ere gaur jokatuko da Galarretan. Zalakain eta Astibiak Matxin IVa eta Aizpurua IIa izango dituzte aurrean. Gaurko erremonte jaialdiko aurreneko partidua izango da Gazte Txapelkeko finala. Txapelketa honetan 6 bikotek hartu dute parte, eta semifinal gurutzatuak jokatuta erabaki dira finalerako biak.
Koteto Ezkurra: «Lizasori irabaztekotan kantxan ibili arazi egin behar zaio»
Nola dator gaurko finala Koteto Ezkurrarentzat?
Beno, beti bezala, finalak final dira, eta kezka eta urduritasun horrekin dator. Era berean, ba, kriston ilusioarekin; abuztu oso polita egin dugu, ea azkenean akitzen dugun txapelarekin.
Lizasok finalerdian eman zuen maila ikusita, inoiz baino orekatuago al dago finala?
Biok izan dugu abuztu oso polita eta oso gogorra. Binaka bera oso azkar eta fuerte ibili da, konfiantza haundiarekin. Eta mano-mano, lehenengo partidua izaki, ba, hasieran urduri xamar atera zen, baina, gero ikusi zen zer fisiko duen eta ongi dakiela buruz buru jokatzen.
Nola jokatu behar diozu gaur, zer da kontrarioarengandik gehiena beldurtzen zaituena?
Peloteoan bera asko ibiltzen da, kantxa asko kubritzen du. Horrek sortzen dit kezka gehiena. Sakea ere oso ongi dirigitzen du, baina, ez dio abiadura haundiegia ere ematen, eta horrek ez nau hainbeste kezkatzen. Baina, gero, peloteoan bera oso fuertea da eta berari irabazteko jokatu behar da aunitz, eta batez ere pilota aunitz mugitu behar da.
Ezker paretean egongo da klabe nagusietako bat gaurko finalean. Aurreko partiduan (Zeberioren kontra) kritikatu zidaten ez nuela apenas ezker paretik erabili, baina, orduan zuloa atzean zegoen. Orain, beste pilotari bat da erabat diferentea, beste partidu bat, eta beste joko bat egin behar da. Lizasori abiadura haundian erabili behar zaio pilota, eta paretetik asko atera. Errebotera jokatzen hasi ezkero, matxakatu egin zaitzake. Baina, bueno, halare hori partidua joan ahala ikusten da. Ezin duzu estrategia finko batekin ere atera. Partiduak berak ere erakusten du nola jokatu.
Jendeak iazko final eder hura du gogoan?
Bai, niri ere ez litzaidake inportako aurten ere berdina izatea, (parrez). Baina, buruz buru zaila da horrelako finalak izatea: nerbioak, tentsioak.... baina, ia maila berekoa ateratzen den.
Irabazi ezkero, 9garren txapela zenuke. Hamargarrenaren bila?
Lehenbiziko aurtengoa irabazi behar da. Ez dugu hasi behar zenbakiekin. Aurtengoa aurtengoa da, hau irabazi egin behar da eta gero ikusiko dugu. Hamargarrena ailegatzen bada, ba, hobeto.
Zer prestaketa egin duzu azken egonotan?
Nik bizimodu normala egiten dut. Asteartean jokatu nuen partidua, asteazkenean pixka bat estiratu, ostegunean entrenatu eta atzo korri pixka bat, estiratu, baina, ezer berezirik ez.
Koteto Ezkurra
8 txapel eta bitan txapeldunorde, 10 urtetan
Koteto Ezkurra (1974) doneztebearrak orain dela 11 urte debutatu zuen buruz buruko txapelketan. Ezkurra aurrelaria da eta gaur 11garren finala jokatuko du segidan. Buruz buru koska markatzen du eta 8 aldiz izan da erremonte txapeldun. Abilidosoa da eta izugarrizko fisikoa du. Eizagirrek eta Lizasok bakarrik irabazi izan diote hamar urteotan.
Iñaki Lizaso: «Iazko finaletik arantza sartuta daukat barruan»
Nola ikusten duzu finala?
Jokatu ditugun azkeneko finalak nahiko gogorrak izan dira. Peloteo haundia, neke fisiko dezentea... eta uste dut gaurko finala ere iguala izango dela. Oso final gogorra izango da. Jokoari dagokionez, buruz buru, sakea da klabea eta uste dut gaurko finalean ere halaxe izango dela.
Koteto Ezkurra aterako da gaur faborito, baina, zu ere semifinal bikaina jokatuta zatoz. Ze aukera ikusten dizkiozu zeure buruari?
Egia esan, oso bolada polita daramakit. Asko ari naiz entrenatzen eta nere burua ahal den gehiena zaintzen ari naiz txapelketa irabazteko. Gero, egia da Koteto dela faboritoa, baina, denok dauzkagu bi beso eta bi hanka. Ni topera aterako naiz eta uste dut nire aukerak dauzkadala.
Iazko finalean aurretik nahiko eroso joan eta 35-33 galdu zenuen azkenean. Gaurko finalak errebantxa kutsurik izango al du zuretzat?
Egia esan, iazkoak jota utzi ninduen. Oso partidu gogorra izan zen, eta ia irabazita neukala, ba, galdu egin nuen. Egia da, Kotetorekin ezin da konfiatu, bukatu arte ezin da partidua irabazitzat jo. Bai, egia esan, arantza txiki bat sartuta daukat barruan, bai.
Zertan aldatu da Iñaki Lizaso final hartatik?
Beno, urte osoan saiatzen naiz puntuan egoten. Binaka uste dut urte osoan eman dudala maila. Uste dut jendea eta enpresa gustora daudela nire jokoarekin. Badaramazkit urte batzuk atzean onena naizela. Eta aurrera begira ere, nire helburua da partidu guztietan ehuneko ehuna ematen jarraitzea.
Gero, urte batzuetatik honuntza iruditzen zait pelotari gisa heldu egin naizela. Behar bada, orain dela urte batzuk finalera berri iritsi nintzen, esperientziarik gabe, finala den guztiarekin: frontoiko giroa, apustuak, medioak, presioa... alde horretan asko heldu naiz, eta gaurko finalari begira oso lasai nago.
Aste osoan ez duzu partidurik jokatu. Ze prestakuntza egin duzu?
Bai, egia esan udaran trote haundia hartzen dugu. Aurreko larunbatean hiruren kontra jokatu eta hanketatik nekatuta bukatu nuen. Asteartean jokatzeko asmoa nuen, baina, deskantsatzea erabaki nuen. Eta egia esan, oso ondo etorri zait. Landu, berriz, batez ere sakea da landu dudana.
Iñaki Lizaso
Ezkurrari irabazi izan dion bakarrenetakoa
Ezkurraren ondoren, azken bost urteotan Iñaki Lizasok (Doneztebe, 1974) du buruz buruko txapelketan palmaresik onena. 2000garren urtean txapeldun gelditu zen Ezkurrari irabazita. Beste hirutan, ordea, haren itzalean gelditu behar izan du, txapeldunorde. Iaz sekulako finala jokatu zuten biek, eta aurten Lizaso erakustaldia emanda sartu da finalean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!