Txantxangorriko sagardo lehiaketarako izen ematea gaurtik asteartera

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 1a, 03:00

Bazkideek dute izen emateko aukera aurrena. Irailaren 6tik aurrera bazkide ez direnek.

Txantxangorri elkarteak irailaren 15ean egingo du 22garren sagardo lehiaketa eta izen ematea gaur zabalduko da bazkideentzat. Bazkideek gaurtik irailaren 6ra izango dute izena emateko aukera Txantxangorrin bertan eta bazkide ez direnek irailaren 6tik aurrera. Hamabost sagardotegi Hamabost sagardotegitako sagardoa izango da aurten lehiaketan: Irigoien, Bereziartua, Barkaiztegi, Rufino, Iparragirre, Zelaia, Altzueta, Olaizola, Alberro, Petritegi, Eula, Otsuenea, Astarbe, Oiarbide eta Gurutzeta. Afaltzen 156 lagun izango dira gehienera eta sagardoak probatu ahala puntuatuko dituzte. Lagungarri, primerako menua dago aurten ere: bakailua bizkaiar erara eta saltsa berdean, bertako saiheskia eta urbasako gazta; kafea, kopa eta puroa. Prezioa: 24 euro. Azken urteetan lehiaketa irabazi duten sagardotegi guztiak izango dira: 2000 urtean Rufinok irabazi zuen; 2001ean, Barkaiztegik; 2002an, Irigoienek; 2003an, Rufinoak; eta 2004an, Irigoienek. ‘Dastatzaile onena’ Txantxangorri elkarteko sagardo lehiaketak badu berezitasun bat: lehiaketa bukaeran aurreneko eta azkeneko hiru sagardoak ondoen asmatzen dituen mahaiak dastatzaile onenaren saria eramango du. Baloratuko da sei sagardo horien postua asmatu izana eta puntuazio haundiena eta bajuena eman izana.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!