Jokalari gazte asko sartu dira aurten taldean eta horrek freskotasuna emango dio hernaniarren jokoari. Irailaren 11n hasiko da liga eta Hernanik aurreko urtean egindako lana hobetu nahi du aurtengo sasoian.
Hernanik hasi ditu datorren urteko denboraldia prestatzeko entrenamenduak. Aurten emakumezkoen bi talde sortzeko helburua zeukaten, bat futbol 8an aritzeko eta bestea 11 jokalariko talderako. Hala ere, oraingoz bakarra aterako dute, jende berriak izena eman badu ere, aurreko urteetan aritutako batzuk utzi egin baitute taldea.
Esperientzia eta gaztetasuna
Marcos Trejo entrenatzaileak azaldu duenez aurtengo taldean esperientziadun jendea eta jende gaztea dago. Jokalari gazteenek hamalau urte dituzte eta gehiengoa dira taldean. 16 eta 18 urte bitarteko hiru edo lau jokalari ere badira eta taldekide beteranoenak 28 urte ditu. Gehienak Hernanikoak bertakoak dira, baina hiru donostiar, eta Goizueta eta Urnietako jokalari bana ere badira taldean.
Jokalariek ´maila ona` dutela azaldu Trejok. Futbol 8an jokatzen arituak dira taldeko gazteenak, bainan, eskola mailan. Orain berriz maila nagusian jokatzera ohitu beharko dute, eta horretara bideratu dituzte aurredenboraldiko entrena-menduak.
Irailaren 11n hasi
Denboraldia irailaren 11n hasiko du Hernanik. Ligako partiduak jokatuko dituzte lehenbizi eta lortzen dituzten emaitzen arabera igoera fasean edo Kopan arituko dira. Denbora gutxi falta dela eta, aurredenboraldian ez dute ziurrenik lagun arteko partidurik jokatuko, entrenamendu saioak garrantzitsuagoak dira eta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!