Xabat Otxotorena txirrindulari hernaniarra Etorkizuneko Tourrean izango da bihartik aurrera. Orbea-Olarra taldeak Gustavo Dominguez, Jesus del Nero, Dailos Diaz, Aaron Villegas, Joseba Zumeta eta Xabat Otxotorena eramango ditu taldean eta Jon Odriozola entrenatzaileak zenbait komunikabideri azaldutakoaren arabera garaipen bila dijoaz Frantziara.
Xabat Otxotorena denboraldia bukatu zuelakoan zegoen, baina, azken momentuan sartu dute Etorkizuneko Tourrera joateko taldean eta hau izango du denboraldiko azken lasterketa.
Buelta garrantzitsua
Etorkizuneko Tourra garrantzia eta izen haundiko buelta da gazteentzat. Profesional gazteak hartzen dute parte bertan eta palmaresak erakusten du probaren maila: 1982an Lemonek irabazi zuen; 1986an, Indurainek; 1988an, Fignonek; 1996an Etxeberriak; 1999an Unai Osak; 2000an Iker Floresek; 2001ean Menchov-ek eta 2003an Egoi Martinezek.
Bihar hasiko da lasterketa eta 10 etapa izango ditu, irailaren 1etik 11ra arte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!