Askapenak antolatutako brigada batekin joan dira Ibai Goñi eta Elias Miner Boliviara. Bertako errealitatea sakonago ezagutzeko gogoak eraman ditu bi hernaniarrok Hego Amerikara.
jendea udara partean kanpora joaten denean turismoa egiteko izaten da normalean. Eguneroko estresak eta buruko minak alde batera uztea, lasai ederrean egotea eta bide batez urtean zehar debekaturiko paradisua ezagutzea bilatzen dute gehienek. Baina konturatzen al da turista normala palmeraz jositako herrialde horren benetako egoeraz?
Ezetz uste dute Ibai Goñi eta Elias Miner brigadista hernaniarrek. Boliviako kasuan behintzat ´jende asko oporrak lasai pasatzera etortzen da eta azkenean ez du herriaren benetako errealitaterik ikusten` beraien ustetan. Turismo guneetatik urrun dagoen bizimodua ez da, kontatzen digutenez, hain samurra. Gosea, prekarietatea, indarkeria eta bizi baldintza penagarriak ez dira ezezagunak boliviar askorentzat. Hala ere Hernaniko bizilagun hauen ustetan merezi du ikusteak egoera horren aurrean herritarrek erakusten duten duintasuna ´batez ere herri indigenek`.
Ikusi eta ikasi
Bolivian duten zereginari buruz galdetuta lanez leporaino dabiltzala azaldu digute. Bilera mordoa egin dute herrialde hartako egoera sakonago ezagutzeko. ´Lehendabiziko urtea da euskal brigada bat herri honetara etortzen dena eta hortaz agenda bete-beterik dugu`.
Hango egoera ezagutu eta herrien arteko elkartasunean sakontzea bilatzen dute brigadekin. ´Askapena ez da ONG bat. Ez dugu laguntza humanitariorik ez eta formakuntzarik ematen` azaltzen digute. Izan ere, beraien ustetan ´elkartasuna herrien arteko xamurtasuna da, eta xamurtasuna ez da dirua, entzutea, ulertzea, banatzea eta honen ondorioa den ikastea baizik`. Horregatik, Bolivian duten zeregin nagusia ikastea dela uste dute Elias Miner eta Ibai Goñik.
Hilabete La Paz eta El Alton
Abuztuaren 2an joan ziren Boliviara Elias eta Ibai, Alegiko Larraitz Etxeberria, Eibarko Birjinia Arrazola eta Barakaldoko Olatz Sanchezekin. Hilabeterako joaten da normalean jendea brigadetara, baina denbora tarte motzagoa egitea ere posible da.
Bolivian egindako azken geldialdian La Paz ezagutu dute, 3.800 metroko altueran, baita El Alto ere. Biak ere oso hiri haundiak dira, milioi bat pertsona bizi baita La Pazen eta 800.000 berriz El Alton. Azken hiri hau da Bolivian gehien hazi den metropolia azken urte hauetan.
Gatazka haundiko lekuak dira gainera: maiatza aldean Bolivian izandako istiluetan El Alto itxi egin zuten ia hilabete batez eta La Paz ere blokeatuta egon zen. Ibai eta Eliasek Kronikari azaldu diotenez egun haietan ez zegoen janari eta erregairik hiri hauetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!