udarako bero hauekin askotan joaten gara hozkailura edaten ari garenari izotza botatzeko edo izozkiren bat hartzeko. Baina nola egiten zuten garai batean eguzkiak gogor jotzen zuenean freskatu ahal izateko?
XVI eta XVII. mendeetan hasi zen jendea elurra erabiltzen, medikuek sukarrari aurre egiteko behar izaten baitzuten, baita garai hartako dirudunek udaran beren edariak freskatzeko ere. Horregatik udaletxeak elurraren prezioa finkatzen hasi ziren alde batetik, eta elurte on baten ondoren elurzuloak egiteko jendea kontratatzen bestetik.
Elurzuloak 5 eta 10 metro bitarteko sakonerako zuloak ziren, eta bertan pilatzen zuten langileek elurra. Urtutako ura kanporatzeko zulo bat edukitzen zuten eta gainean hotza mantentzen zuen edifizio bat ere bai.
Elur kapa bakoitzeko inistorra jartzen zen, eta zapaldu egiten zen gero, airea ez sartzeko. Emaitza onak ematen zituen, zerra bat behar izaten baitzen kapak banatzeko.
Hernaniko artxibo munizipalean dagoen 1688ko dokumentu batek erakusten duenez, hemen ere izan ziren bi elurzulo. Udaletxearenak izaten ziren eta hura arduratzen zen haiek betetzeaz. Gero, jendea elurra eskatzen hasten zenean, subastan jartzen zen nork erabilia.
Gure artean Francisco Erroteta izan zen elurzuloekin harreman handiena izan zuena. Artxiboen arabera 1659an Hondarribian zegoen jauntxo bati saldu zion elurra, baita 1663an udaletxeko elurzuloan gordetakoa erosi ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!