oso gauza berezia zen Tilosetako frontoiaren atzealdea garai batean. Gaur egun oraindik hor dagoen frontisak ezker paretaren lana egiten zuen eta horren aurrean geratzen zen frontis txikiaz gain koxka eta txoko ugari izaten zituen frontoi arraroa osatzen zen, oso aproposa betiko frontoiarekin nahikoa ez zutenentzat.
´Txirri` izena ematen diote garai hartan pelotan aritzen zirenek. Beti beteta egoten omen zen frontoi berezi hau. Edozein momentutan izaten omen zen, zahar edo gazte, ´Txirri`-an jolastu nahi zuenik. Jolasteko nahikoa izaten zen trapuzko pelota bat eta hauek, normalean, erosten ziren orain Garin taberna dagoen lekuan izaten zen bizikletak konpontzeko dendan.
´Txirri`-aren lurra latza zen, eta gainera eskubiko eta ezkerreko paretetan koskak, leihoak eta fraileak zituen baita frontisean pareta haundia eta txikia ere, jokoa zailagoa egiteko.
Urtero antolatzen ziren binakako konpetizioak eta final haundia San Joanetan ospatzen zuten. Txapelketa antolatzen Arcadio Lucas ibiltzen zen eta organizatzeaz gain jokatzea ere gustoko izaten zuen.
´Txirri`-an ospatu zen azkeneko txapelketaren irabazleak Felix Zugasti eta Antton Urruzola izan ziren, 1946an, Carlos Sanz eta Pablo Benito garaitu ondoren.
Binaka jolasteaz gainera baziren beste modalidadeak. Agian denen artean ezagunena ´Txikiteoa` zen. Joku honetan tantoa galtzen zuenak ´txikita` bat (bost zentimo) eman behar izaten zion irabazleari.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!