Agur Portuko San Joan Txikiak

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 29a, 03:00

ATZO izan zuten azkeneko eguna Portuko festek eta goizean tarteka zirimiria bota bazuen ere eguerdi parterako zerua garbitu eta sagardo probaketarako eguraldi bikaina egin zuen. Jendeak eskertu egin zuen eta Portuko plaza jendez bete zen Hernaniko sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta txorizo pintxoak dastatzeko. Trikitalari eta Hernaniko bertso eskolako bertsolariak ere aritu ziren eguerdi partean, plazako giroa bizituz. Toka eta Bote txapelketaren ondoren auzotarrak bazkarian bildu ziren eta mahai inguruan eserita gustora ibili ziren kontu kontari. Ttarla dantza taldekoek eman zioten hasiera arratsaldeari, euskal dantza erakustaldia eginez. Jende asko bildu zen emanaldian zehar eta baita jarraian izan zen herri kirol jaialdian ere. Iluntzean Etxabe Anaiek girotu zuten Portuko festetako azkeneko gaua eta zezen suzkoa eta suziriekin bukatu ziren aurtengo San Joan Txikiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!