PORTUKO jaietan giro aparta izan da orain artean eta gaur izango da errematea. Gaur festen azkeneko egunean, euskal jai modukoa izango da eta egun pasa egiteko aukerarik izango da bertan. Jende gehiena eguerdian bilduko da Portun, sagardo probaketarako. Bazkal aurretik pote bat hartu nahi duenak basoa hartu eta Hernaniko sagardotegi ezberdinetako sagardoak probatzeko aukera izango du, pintxo eta guzti. Trikitilari eta bertsolariak ere izango dira bazkalaurrea girotzeko eta segidan auzo bazkarian bilduko dira arratsalderako indarrak hartzeko.
Arratsaldean Hernaniko Ttarla dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta ondoren herri kirolak izango dira. Gipuzkoa eta Nafarroako ekipoak elkarren kontra ariko dira harri jasotzen eta aizkoran, besteak beste. Miren Urkiola bizkaitar harrijasotzaileak ere erakustaldia egingo du. Gauean Portuko festetako azkeneko gaua girotzeko Etxabe Anaiak gonbidatu dituzte eta 23:00ak aldera, zezen suzkoa, koloretako suziriak eta azken trakarekin bukatu dira aurtengo San Joan txikiak.
Jendetza, asto lasterketan
Atzoko ekitaldi jendetsuena izan zen, dudarik gabe, asto lasterketa. Urtero bezala azken momentuan harrapatutako mozorroak jantzita azaldu ziren jockeyak: hippya toreroa, super heroia, mexikarra, andaluza... asto gainera igo eta ikuskizun dibertigarria eskaini zuten. Baziren asto bizi-biziak eta baita asto alper-alperrak ere, baten bat astoari tiraka aritu behar izan zuen karrera bukatu ahal izateko. Irabazle edo galtzaile, denak umore ederrean aritu ziren.
Gauean Laiotz taldeak jarri zuen dantzarako giroa Portuko plazan eta auzotarrez gain herriko jendea ere jeitsi zen, tabernak istean, parrandan jarraitzeko intentzioz.
wGaur, igandea
08:00 Egunsentia, 70-CLBeko suzirien
jaurtiketarekin.
08:30 Txokolatada goiztiarrentzat.
09:30 Diana txistulariekin.
11:00 Meza, auzoko hildakoen alde.
12:00 Sagardo probaketa. Oihane, Itxaso eta Maialen trikitilariekin alaituta. Sagardotegiak: Eula, Olaizola, Otsua-enea, Iparragirre, Elorrabi, Itsasburu, Rufino, Alberro eta Altzueta.
12:30 Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
13:00 XXXI. Toka eta Bote lehiaketa.
14:30 Auzo bazkaria.
18:00 Ttarla dantza taldearen
emanaldia.
Ondoren Euskal jaialdia: Nafarroa eta Gipuzkoa taldeen arteko lehia herri kiroletan. Segidan, Miren Urkiola bizkaitar harrijasotzailearen
erakustaldi.
Segidan Dantzaldia Etxabe Anaiekin.
23:00 Dantzaldia eta jaien amaiera Etxabe Anaiekin: zezen suzkoa, koloretako suziriak eta azken traka.