Ikuskizun polita izango da gaur Antziolako kirol pistan, lehiaketaz kanpo palankariek botako baitute, arratsaldeko 13:30etan. Joseba Laburu hernaniarra bertan izango da beste jaurtitzaile batzuren artean. Joseba Laburuk 43,88 metroko marka du barran, 1988ko abuztuaren 14an jarria. Horrez gain, Joakin Agirre eta Bernardo Adarraga hernaniarrek ere marka onak egin zituzten bere garaian, 43,45 metro aurrenekoak eta 35,48 bigarrenak. Euskal Herriko marka, berriz, Juan Antonio Iguaran tolosarrak du, 52,61 metrorekin. Garai batean afizio haundia zuen kirol honek, baina, gaur egun horrelakoxe erakustaldi batzuetan botatzen da bakarrik.
Gonzalez lesionatua
Atzo Evaristo Gonzalez hernaniarrak zuen 5.000 metro martxako proba. Kronikari aitortu zion sasoi puntu onean ez zegoela eta proba utzi egin behar izan zuen bukatu aurretik, lesio bat medio. 20 kilometro martxan ere izena emanda zegoen Gonzalez baina ez du parte hartuko.
Talavera bikain
Joan den asteartean krosseko proba zen eta despistatuta pasa zitzaigun Rosi Talavera Hendaian bizi den hernaniarra. Betiko moduan karrera ona egin zuen eta 7garren postuan sailkatu zen 40-45 urte arteko kategorian. Atzo 21:00etan ere karrera bazuen Rosi Talaverak: 5.000 metroan. Bihar azalduko dugu emaitza.
Hernanin gaur (Antziolako kirol pistan):
09:00 Mailu jaurtiketa (G65).
11:00 Mailu jaurtiketa (G60).
13:00 Mailu jaurtiketa (E35).
13:30 Palankariak
16:00 Mailu jaurtiketa (E40).
17:45 Mailu jaurtiketa (E45).
18:45 Mailu jaurtiketa (E45).
Hernaniarrak gaur
Joxe Mari Murua
p 5.000 metro korrika (G-60) V Goizeko 09:00etan Donostiako estadioan
«Udaran gogor entrenatu gara»
Joxe Mari Muruak 3 froga egingo ditu aurtengo txapelketa hauetan: krossa egin berri du, gaur du 5.000 metroko proba eta hurrengo asteazkenean 1.500 metrokoa egingo du. Gaurko proba estadio barruan dute eta Murua ´iltzeekin korrika egitera ohitu gabe` dago Kronikari esan dionez. Kezka haundirik ez du hala ere, krossean ere iltzerik gabe atera baitzen eta ondo moldatu zen oso. Hiru probatan parte hartzeko gogotik entrenatu behar izan du udaran ´semea liebre jarri eta hari segika entrenamentu gogorrak egin ditugu: 1.000ko, 3.000ko, edo 5.000 metroko serie eta guzti`. Egunotan, trote hutsa izaten du entrenamentu, egun gutxian proba asko egin beharko baititu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!