GAUR hasiko dira San Joan Txiki jaiak Portun, eta nabarmentzeko moduko txupinazoa izango da eguerdiko 12:00etan. Hala ere, aurten ez daude erabat pozik festa antolatzaileak ´ezin baitira indar haundiko etxefuegoak lortu`. Etxefuego haundiaz gain, umeen festak, lore txapelketak eta sardina janak alaituko dute gaur Portuko auzoa. Gaur, bihar eta etzi izango da festa, adin desberdinetako jendearentzat prestatua. Urteroko moduan, auzoko jendea ibiliko da normalean egunean zehar, eta ordu txikietan jaitsiko dira gainerako hernaniarrak, parrandan segitzeko esperantzan.
Gaur umeen festa
Umeek ez dute gaur aspertzeko denborarik izango Portun, gaur bereziki umeentzako ekitaldi ugari antolatu baitituzte. Goizeko 10:00etan marrazki eta pintura lehiaketa antolatu dute eta eguerditik aurrera erakusketan jarriko dituzte Portuko arkupeetan. Goiz eta arratsalde umeentzako parkea jarriko dute plazan: puzgarri, ohe elastikoa, parke txikia eta ollarekin. Arratsaldeko 17:00etan herri kirolak antolatu dituzte haurrentzat eta arratsaldeko 18:30etan haurrentzako jokoak: aulki jokoa, lokotxak, putxeroak izango dira, besteak beste.
Lorontziak eta sardinak
Arratsaldeko 18:00etan lorontzi lehiaketa antolatu dute Portun. Urtero izaten da eta antolatzaileek adierazitakoaren arabera auzotarrek serio hartzen duten txapelketa da. Batek baino gehiagok azken egunetako euriak aprobetxatu eta lorontziak atera dituzte balkoira. Urteren batean, marihuana landareren bat ere aurkeztu omen dute txapelketara.
XVIgarren sardina jatea izango da gaur Portun arratsaldeko 20:30etan egingo dutena. 40 kilo sardina ekarriko dituzte, jatekoa dohainik denean plaza bete jende izaten baita. Antolatzaileak pozik daude ´nahiz eta jendetza izan, kolan zain jarri eta urtetik urtera txintxoago ibiltzen baitira`.
Tute txapelketa ere izango da arratsaldean Pedro Mari tabernan eta gauean Izotz taldearekin berbena. Asto lasterketa bihar izango da.
Gaur, ostirala
10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa.
11:00-13:00 Haurren parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke elastikoak, parke txikiak eta olla.
12:00 Jaien hasiera suziriekin. Buruhaundi eta txistularien irteera auzoan zehar.
13:00 Auzoko gazteen marrazki erakusketa.
16:00-19:00 Haurren parkinga.
17:00 Herri kirolak umeentzako.
18:00 Lorontzi lehiaketa.
18:30 Haur jokoak.
19:00 Tute txapelketa ‘Pedro Mari’ tabernan.
20:30 XVI. Sardina jatea.
23:00 Dantzaldia ‘Izotz’ taldearekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!