Iñaki Lizaso eta Jon Eizagirrek neurtuko dituzte indarrak gaur Galarretan, buruz buruko bigarren finalaurrekoan. Ezkurra dute zain finalean eta biek nola biek bigarren aldiz kendu nahiko diote txapela Doneztebeko izarrari, erronka xamurra ez bada ere. Eizagirrek atakea eta sakea ditu armarik zorrotzenak; Lizasok aldiz fisikoa eta defentsa. Txapela bana dute biek; Eizagirrek lau final jokatuta eta Lizasok hiru.
Final irekia
Apustuetan, faborito moduan Lizaso irtengo da seguruenera, azken aldian izugarri ari baita jokatzen. Eizagirrek 39 urte ditu eta lesio bat baino gehiago izan du. Iaz esatera, ezin izan zuen buruz burukoan parte hartu eta orain bi urte lortutako txapela defendatu. Aurten jokatu dituen buruz buruko bi partiduetan erakutsi du ordea zarauztarrak zer doain dituen eta finalera pasatzeko aukera asko dituela.
Hiru partidu gehiago
Gaurko beste partiduak: Agirresarobe-Astibia/Matxin III-Gaztelu; Zeberio II-Urrutia/Ezkurra-Auzmendi; eta Iribarren-Etxabe/Sarasua-Aizpuru.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!