Mailu jaurtiketako probak hasiko dira gaur Antziolan eta Joxe Mari Muruak gaur du krossa Hipodromoan

Kronika - Erredakzioa 2005eko abuztuaren 23a

Beteranoentzako Munduko Atletismo Txapelketak atzo hasi ziren, baina, Hernanin gaur dira lehenengo probak. Mundu guztiko pisu, disko, mailu eta jabalina jaurtitzaileak izango dira Antziolako kirol pistan, irailaren 3a bitartean. Horrez gain, heptatloneko luzera saltoko proba ere izango da Hernanin, bihar, asteazkena. Txapelketan 6.000 atleta inguruk hartuko dute parte eta Hernaniko probatan 871 atleta izango dira. Hernaniarrak proban Joxe Mari Murua da konpetizioan hasiko den lehenengo hernaniarra. Gaur bertan du 8.000 metroko krossa Zubietako hipodromoan, arratsaldeko 17:15etatik aurrera, 60-65 urte bitarteko kategorian. Ondorenean etorriko dira gainerako guztiak: Evaristo Gonzalez, Miguel Angel Garin, Agustin Barrio, Joxe Mari Garin, Idoia Esnaola, Eva Esnaola, Ketxus Garin, Paco Gallego, Josetxo Etxeberria eta Felipe Agirrezabala (larunbateko Kronikan ez genuen Felipe ateratzen zenik jarri. Maratoian hartuko du parte). Hernaniko Kronikak 12tik 6rekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo eta gogotik entrenatuta animoso daude gehienak, lehenbailehen parte hartzeko irrikitan. Palanka erakusketa Exibizio moduan, palanka jaurtiketa proba izango da datorren ostiralean Antziolako kirol pistan. 16 partaide izango dira eta tartean Ioseba Laburu hernaniar palankaria ere bai. Proba eguerdiko 13:30etan hasiko da. Kronikak jakin duenez, litekeena da Miguel De la Cuadra Salcedo famatua ere palanka botatzen Hernanin izatea. De la Cuadra Salcedok badu anekdota bitxi bat gainera: atletismo proba batzuetan palanka botatzen den moduan bota zuen jabalina eta munduko errekorra jarri. Ordura arte ez zegoen estiloa zehaztua baina orduan zehaztu zuten eta bere markak ez zuen balio izan. Hernanin gaur (Antziolako kirol pistan): 09:00 Mailu jaurtiketa (G45), 10:45 Mailu jaurtiketa (G35-40); 12:30 Mailu jaurtiketa (E50); 14:00 Mailu jaurtiketa (E45), 16:00 Mailu jaurtiketa (E40); 17:15 Mailu jaurtiketa (E35). HERNANIARRAK GAUR: Joxe Mari Murua, 8.000 metro krossean, Zubietako Hipodromoan, 17:15etan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!