Hernaniarrak itsasoan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 22a, 03:00

aspaldiko urteetan ez da barkurik ikusten Urumean gora eta zaila egiten da pentsatzea garai batean Hernanik hainbesteko harremana izan zuenik itsasoarekin. Baina historiari errepaso bat eman ezkero, bertako bizilagun asko eta asko marinel izandakoak direla nabarmena da. Gazte asko ibili ziren garai batean itsasoan, horietako asko bale arrantzan. Horrekin lotuta Hernaniko artxibo munizipalean gordeta dago hernaniar batzuk erregeari egindako erreklamazio bat, Groenlandian arrantzan ari zirenean pirata ingelesek lapurreta egin zietelako. Itsasoan egindakoei esker batzuk nahiko ezagunak izatera iritsi ziren gainera, Antonio de Alzega kapitaina adibidez. Hernaniar hau Antonio de Okendo almirantearekin batera aritu zen 1635ean Mantxako Kanalean egin zen Dunen batailan. XVII. mende horretan beste hernaniar batzuk ere kapitain izan ziren, Juan de Labaien, Sebastian de Balerdi eta Martin Iriarte adibidez, baita hurrengo mendean fama haundia lortu zuen Juan Antonio de Leizaur ere. Kapitainez gain, pirataren bat edo beste ere eman du Hernanik gainera. Herriko artxibo munizipalean gordeta dagoen heriotza-agiri batean irakurri daitekeenez, 1694an Juan Lopez de Lubelza hernaniarra itsasoan, itsas-lapurren fragata batean hil zen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!