Erregional mailatik Gorengo mailara igo zen aurreko denboraldian mutilen aurreneko taldea. Liga irailaren 4an hasiko dute Arrasateren kontra, Zubipen. Plantila osatzen ari da momentu honetan Hernani.
HERNANIKO mutilen aurreneko taldeak irailaren 4an hasiko du liga Zubipen, Arrasateren kontra. Aurreko denboraldian Hernanik Erregional mailatik Gorengo mailara igotzea lortu zuen eta momentuan aurredenboraldian murgilduta dabiltza denboraldi berria prestatzen. Jon Loranek adierazitakoaren arabera Hernanik talde gaztea du eta helburu nagusia izango du Gorengo maila horri eutsi eta taldea sendotzea, mailaz igotzeko aukera baztertu gabe.
Ilusio haundiz eta
gogor entrenatuta
Hernaniko mutilen aurreneko taldeak aurredenboraldia, ofizialki, uztailaren 25ean hasi zuen. Serio hartu dute aurredenboraldia, astean 5 aldiz entrenatuta, asmoa baitute liga gogor hastekoa: ´partidu bakoitza final bat izango balitz bezala jokatuko behar dugu` azaldu dio Kronikari Jon Loranek.
Aurrendenboraldiko entrenamenduak, aurreneko 2-3 asteetan, gorputza martxan jartzera zuzendu dituzte. Orain gehiago ari dira futbolean jokatzen.
Plantila osatzen
Momentuan 28 bat jokalari ari dira entrenatzen eta taldea 23-24 jokalarirekin osatuko dute. Jon Loranek Kronikari azaldutakoaren arabera, zaila izango dute aukeraketa egitea ´jendea ari delako entrenamenduetara etortzen eta ondo erantzuten ari direlako` dio.
Taldea teknikoki ona dela nabarmendu du Jon Loranek eta gaztea dela ere bai. Garrantzizkotzat jotzen du Loranek liga ondo hastea, konfidantza irabazteko batez ere. Hala ere mantxo joango direla ere azaldu du: ´talde gaztea gara eta pixkanaka joango gara. Hemendik pare bat denboralditara taldea puntu-puntuan egongo da`.
Horretaz gain, Jon Loranek azpimarratu du hernaniarrek osatzen dutela plantila eta dio ´hori filosofi polita` dela. Klubean giro ona dagoela dio eta espero dutela jendea bertan geratzea pixkanaka-pixkanaka gora egin ahal izateko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!