Zeramika, egurra eta aluminioa dira erakusketa honetan
dauden materialak. Guggenheim museoak 6 pieza erosi dizkio.
AITOR Ruiz de Egino artista hernaniarrak Bodega tabernan erakusketa jarri du. Bertan eskulturak eta koadroak ikusi daitezke, zeramika, egurra eta aluminioz egindakoak. Horrez gain, Bilboko Guggenheim museoak 6 pieza erosi dizkiola esan dio Kronikari artista hernaniarrak, eta museoko dendan jarriko dituzte salgai irailetik aurrera.
Antropozooformak
Bodega tabernan jarri duen erakusketa, apirilean Tolosan jarri zuen erakusketaren antzekoa da, bertan jarritako lanak erakutsi baititu Bodega tabernan ere. Erakusketaren gaia da Antropozooformak eta bere esanetan animalia eta gizakien formetan inspiratutako piezak dira, ´animalia eta gizakien bertsioak` bere hitzetan.
10 urte eskulturan
Aitor Ruiz de Egino ibilbide luzeko artista da eta azkenaldian bere lanak eta bere izena ezagutzera eman ditu batean eta bestean. Hasi, duela 10 urte hasi zen Biteri kultur etxeko ikastaroetan eta gaur egun Hernaniko Errapia artista tailerrean ere murgilduta dabil.
Hamaika ikastaro egindakoa da Ruiz de Egino: zeramika, pintura, harria eta soldadura, besteak beste. Baina berak azaldutakoaren arabera ´ordu asko sartuta` iritsi da orain dagoen lekura.
Eskulturan 10 urte egin baditu ere, duela 2 urte hasi da bere lanak mugitzen eta lortu du bata eta bestearen arreta piztea: Guggeheimekoaz gain, Kutxak ere bi pieza erosi dizkio eta hainbat arte galeriatan ere izan da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!