Ezkurra-Zeberio II: final kutsuko finalaurrekoa gaur

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 20a, 03:00

Casino Kursaal buruz buruko txapelketako finalaurrekoa jokatuko da gaur Galarretan (ETBk eskainiko du 16:45etan). Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberiok neurtuko dituzte indarrak; begiratu batera lehia dotorea. Faborito Ezkurra irtengo da, ez baita alperrik izan 8 aldiz buruz buruko txapeldun. Dakiena erakutsi beharko du hala ere Zeberio IIari irabazteko, potentzia haundiko pelotaria baita Elduaingoa. Orain artean hiru aldiz jokatu dute elkarren kontra buruz buru Ezkurra eta Zeberiok eta hiruretan doneztebarra atera da garaile. Onenak aurrera Aurten partidu bakarrera jokatzen dira kanporaketak, ligilarik gabe. Horrek lesioen arriskua jaitsi du eta finalaurrekoetara faborito zirenak iritsi dira: Zeberio II eta Eizagirre eta zain Ezkurra eta Lizaso dituzte, iazko finalistak. Beste finalaurrekoa gaur zortzi jokatuko dute Eizagirre eta Lizasok. Jaialdia 16:00etan hasiko da eta beste hiru partidu ere izango dira: Ibarzabal-Gaztelu/Matxin IV-Martinez I; Juaristi-Lizaso/Altuna I-Urrutia; eta Altuna II-Urko/ Bitoria-Aizpuru.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!