Suitzan jokatuko den Nazioarteko Sega Txapelketan parte hartuko dute Ixabel eta Ainhoa Ansak

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 25a, 03:00

IXABEL eta Ainhoa Ansa aranoarrak asteburu honetan Suitzako Alpeetan jokatuko den Nazioarteko Sega Txapelketan izango dira. Ansatarrak Hernanin ezagunagoak dira kantuagatik baina segarako ere badute trebezia. Autobusera igo aurretik harrapatu genituen eta ilusio haundiz somatu genituen, ´sega txapelketaren inguruan sortzen den giroaz gozatzeko` asmoarekin abiatu baitira Suitzara. Txapelketa asteburu honetan jokatuko da, abuztuaren 27 eta 28an, Suitzako Alpeetan dagoen Herisau herrian. Bertan izango dira Euskal Herria, Austria, Baviera, Eslovenia, Suitza eta Hegoaldeko Tiroleko taldeak. Talde bakoitzetik 10 gizonezko eta 5 emakumezkok hartuko dute parte. Hala ere txapelketa banaka jokatuko dute, ez ekipoka. Gizonezkoek 100m2 ko soroa moztu beharko dute ahalik eta txukunen eta azkarren. Emakumezkoek lan bera egin beharko dute 35m2 ko soroan. Txukuntasuna klabea Ainhoa eta Ixabel Ansak azaldutakoaren arabera txapelketa honetan ez da moztutako belarraren pisua kontuan hartuko, hemengo txapelketetan egiten den bezala. Txapelketa honetan azkartasuna eta soroa txukun uztea kontuan hartuko da: ´txukuntasunean oso zorrotzak dira eta moztu gabeko belar sailen bat ikusten badute, denboran gehitzen dute penalizazio bezala. Hemengo txapelketetan ez gaude horretara ohituta, pisua hartzen baita kontuan` azaldu dute. Segak ere ez dira berdinak izaten, herrialde bakoitzak sega ezberdinak erabiltzen dituela azaldu digute Ainhoa eta Ixabelek: ´Austrian, esaterako, sega fin-finak eta luzeagoak erabiltzen dituzte, hala ere txapelketarako norberak nahi duen sega erabili dezake eta guk euskal sega eramango dugu, ez hain luzea eta zabalagoa`. Txapelketarako sailkapena Ainhoa eta Ixabel Ansa Nazioarteko Txapelketa honetarako sailkatzeko frogara aurkeztu ziren, Seguran pasa den ekainaren 26an. Aranoa-rrek azaldutakoaren arabera ez zen emakume asko aurkeztu: ´Txapelketan parte hartzeko beharrezkoa zen kopurua aurkeztu zen, 5 emakume besterik ez. Pena da kontuan hartuta badaudela emakumezko segalari bikainak. Hurrengorako horiek denak animatu nahi genituzke parte hartzera` diote. Ixabelek aurreneko aldiz hartuko du parte sega txapelketa batean, nahiz eta baserrian makina bat aldiz aritua izan. Alderantziz, Ainhoak baserrian esperientzia gutxixeago du baina lehenago ere parte hartu du sega txapelketa batean: 2001ean Alemanian jokatu zen nazioarteko txapelketan. Kultura ezberdinak ezagutu Txapelketaren inguruan 8 eguneko jaialdia antolatu dute Suitzan. Herrialde bakoitzak segalariez gain bere kultura ezagutzera emango du, musikariak eta dantzariak, besteak beste. Segaz gain egongo da girorik, beraz. Euskal Herriko sega taldea Ainhoa Ansa, Ixabel Ansa, Ainhoa Mazkiaran, Aloña Jauregi, Maite Irazustabarren, Bixente Mitxelena, Juan Manuel Erasun, Mielmari Jauregi, Jexuxmari Goenaga, Andoni Zuriarrain, Jokin Etxeberria, Unai Berriozabal, Garikoitz Etxeberria, Mikel Arretxe eta Mielanjel Goioaga.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!