Xabat Otxotorena gustora Portugaleko itzulian egindako lanarekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 19a, 03:00

XABAT Otxotorena txirrindulari hernaniarra Portugaleko itzulian izan da eta Kronikari adierazi dionez gustora dago lortutako emaitzekin, hala ere adierazi du ´oraindik ere asko duela ikasi eta hobetzeko`. Portugaleko itzulia abuztuaren 5ean hasi zen eta 10 etapa izan zituen. Xabat Otxotorenak 19 eta 14garren postuak egin zituen, 4garren eta 9garren etapetan. Otxotorenak azaldutakoaren arabera, gainontzeko etapetan ez zuen garrantzizko posturik lortu, baina pozik dago hala ere itzuli gogorra delako, eta maila haundiko txirrindulariekin arituko delako. Horrelako erronkaren aurrean hernaniarra ez zen kokildu eta nahiz eta maila haundiko itzulia izan adierazi digu ´etapak disputatzeko intentzioz` joan zela Portugalera. Denboraldi bukaera Xabat Otxotorena igandean Madrilen egingo den Clasica de los Puertosen izango da, eta hau du denboraldiko azkeneko karrera. Xabat Otxotorenarentzat hau izan da profesionaletan egin duen aurreneko urtea eta maila berrira ohitzeko urtea izan dela adierazi dio Kronikari. ´Datorren urtean gehiago eskatuko digute` azaldu du baina ´gustora` dabilela eta ´hobetzeko eta aurrera egiteko ilusio haundiz` nabarmendu du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!