Koplak eta harriak orain dela 318 urte

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 17a, 03:00

Abuztuko egunak ez dira beti orain bezain lasaiak izan Hernanin. Artxibo munizipalean dagoen 1687ko dokumentu batek erakusten duenez, mozkor arteko broma batek istilu latzak sortu zituen orain dela hiru mende. Garai hartan parrokiak debekatu egin zuen purgatorioko arimen aldeko kanpaikadak jo eta gero kalean ibiltzea. Hala ere, abuztuaren 17an, Urnietan pelotan jolastetik zetozen hernaniar batzuk ez zuten erreparorik izan buelta pare bat eman eta alkateari koplak jartzeko. Lehenago ardoa edaten ibiliak ziren eta horrek ere lagunduko zuen seguruenik beraien umorean. Kopletan esaten zutenez alkateak pelotan aritzeko jarritako traben erruz galdu zuten urnietarren kontra. Bueltaka zebiltzala plazara iritsi ziren eta haietako bat ezpata aterata lurreko harrien kontra dinbi-daba ibili zen, bizilagunak esnatu arte. Artxibo munizipaleko dokumentuak dioenez gogor eman zion, ´detal fuerte que sacava muchas chispas`. Eskandalu haundiena gero etorri zen hala ere: Alkatearen etxera hurbilduta koplak abesten jarraitu zuten, batzuei harriak hartu eta haren etxeari botatzea okurritu zitzaien arte. Etxeko leihoak txiki-txiki eginda utzi zizkioten. Hala ere, komeriak ondoren etorri ziren, alkatea saltsan aritu zirenen kontra hasi zenean. Kartzela munizipalean bukatu zuten batzuek eta ihesean besteek. Gainera azken hauen aurka zabaldutako autoan iheslarien jabego guztiak bahitzeko agindua azaltzen da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!