Freskotasuna eta eskarmentua aurrez aurre gaur Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 18a, 03:00

Partidu dotorea dago iragarria gaur Galarretan Jon Eizagirre eta Migel Mari Urrutiaren artean, buruz buruko Casino Kursaal txapelketaren barruan. Finalaurrekoetarako azken txartela dago jokoan eta gaur irabazten duenak Iñaki Lizasoren kontra ari beharko du. Faborito Jon Eizagirre aterako da, lesio batetik sendatu berri izan arren, buruz buru maila izugarria duen pelotaria baita: lau final jokatuak ditu buruz buru eta txapela bat dauka. Gainera, Ezkurrari buruz buru irabazi dion bi pelotarietako bat da (bestea Lizaso da) eta horrek ere nabarmen erakusten du zarauztarraren maila. 39 urteko beterano honek ezin izan zuen iazko buruz burukoa jokatu lesionatuta zegoelako eta aurten nahiko du iazko arantza hori atera eta orain bi urte bezala txapela lortu. Urrutia, etorkizun haundiko pelotaria Miguel Mari Urrutia 22 urteko saldiastar gaztea izango du Eizagirrek gaur aurrez aurre, sorpresa emateko pronto. Lehen urtea du buruz buruko txapelketa nagusian baina erakutsiak ditu bere doaiak. Parquet Kider buruz buruko txapelketa irabazita pasa da txapelketa nagusira eta Altuna IIari irabazi zion lehen partiduan nahiko erraz. Zer galdurik gabe jokatuko du gaur. Jaialdiko beste partiduak: Larrea-Gaztelu/Uterga-San Migel, Altuna II-Lizaso/Sarasua-Altuna I-Aizpuru, eta Juaristi Etxabe/Bereziartua-A. Lekunberri.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!