Maria Angeles Rodriguez eta Luminita Duca gaur Chillida-Lekun

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 14a, 03:00

musika Hamabostaldia dela eta Chillida-Leku museoan emanaldiak egiten ari dira abuztuko igandeetan. Gaur, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Maria Angeles Rodriguez sopranoa eta Luminita Duca pianojolearen txanda izango da. Ordubete lehenago, 18:00etan alegia, kontzertuaren sarrera egingo dute. Joko dituzten piezen artean, azpimarratzekoa da Sierra Iturriagaren Matxinsaltoa eta tximeleta zuria triptikoa-ren estreinua esklusiban. Beste obrak ere konpositore ezagunenak dira: Schumannen Soldadua eta Soldaduaren neska-laguna, Brahmsen Lau kanta serioak, Poulencen Bakearen aldeko otoitza, Albenizen Barberineren kanta eta Mahlerren Goza dezagun poz zerutiarretaz izango dira. Errezitalak bakea du gai nagusi, Chillida-Lekun egingo diren beste emanaldien antzera. Maila haundiko musikariak Musikariak ere ez dira nolanahikoak: Rodriguez sopranoak Europako hiri askotan abestu du dagoeneko eta bere errepertorioan operako lan ezagunak daude, Rigoletto, Fausto edo Carmen bezalakoak. Gainera Alacanteko Musika Garaikideko jaialdian eta Londreseko Almeida Street festibalean aritutakoa da Rodriguez. Hori gutxi balitz, Musikeneko irakaslea ere bada gaur egun. Luminita Ducaren ibilbidea ere ez da atzean geratzen Rodriguezenaren aldean. Rumaniar jatorrikoa da Duca eta Trio Pro Arte taldea sortu zuenetakoa da. Talde horrekin kontzertu asko egiteaz gain, Getxoko Kontserbatorio Munizipalean piano irakaslea da. Gainera hainbat ganbarako taldetan jotzen du pianoa Ducak. Hurrengo emanaldiak Abuztuaren 21ean izango da hurrengo musika emanaldia Chillida-Lekun. Protagonistak Ricardo Sciammarella violoncelista eta Eva Pereda pianojolea izango dira. Azkenik, aurtengo Musika Hamabostaldian Chillida-Lekun egingo den azken emanaldian Cadem Soka Laukotea arituko da, abuztuaren 28an.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!