SAN Roke eguna ospatuko da asteartean Arano eta Astigarragan, urtero bezala.
Aranora urtero Hernaniko txistulariak joateko ohitura haundia dute eta aurten
ere bertan izango dira. Aurten Aranon Iruñeako Gabriel Huarte eta Lekeitioko
Markos Zapirain omenduko dituzte. Izan ere, duela 15 urtetik, hutsik egin gabe,
urtero-urtero joaten baitira Aranora.
Aranon goizetik hasiko dira San Roke eguneko ospakizunak. Goizean meza izango da
San Rokeko ermitan eta bertarako joan eta etorria txistulariekin egingo dute.
Txistulariak bidea girotzen hasi zirela 35 urte dira eta Txobito eta
Antsorenatarrek hasitako ohiturari eutsiko diote aurten ere Aranon. Segidan
pilota partidua jokatuko dute Aranoko pelotari alebinek. Pelota partidua ondoren
txistulariek kalejira egingo dute eta Sarobetarren etxean eta Garayarrenean
hamaiketakoa egin ondoren Kontzejupera joango dira bazkaltzera.
Santiagomendin festa
Astigarragan Santioagomendin egingo dira San Roketako ospakizunak, asteartean.
Goizeko 11:00etan mezan izango da Santiagomendiko ermitan eta 11:30etan
erromeria jarriko dute dantzarako. Segidan izango dira: Astigar taldearekin
dantzaldia, trikitilariak, bazkari herrikoia, Iker Zubeldia, Jokin Uranga eta
Agin Rezola bertsolariak, haurren irrintzi txapelketa herrikoia eta helduen
dantza txapelketa herrikoia.