«Mendebaldean galdu ditugun aberastasunak gordetzen dituzte Hego Amerikako herriek»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 12a, 03:00

BOLIVIAN orain dela hilabete batzuk izandako istiluek bete betean harrapatu zuten Mikel Insausti hernaniarra. Arriskua pasata Hego Amerikan zehar bidaiatzen jarraitu du eta Brasilgo Amazonian dabil orain. Bidaiaren azken txanpa heldu zaio: abuztuaren bukaeran itzuliko da.

Noiz abiatu zinen Hego Amerikara ?
Urtarrilaren bukaeran, Hernanitik Madrilera eta handik Brasil aldera egin nuen, Sao Paolo ete gero Porto Alegrera, Munduko Gizarte Foroan parte hartzeko.

Zerk eraman zintuen hara?
Oso gaztetatik interes haundia izan dut Hego Amerikan, nire lehen bidai haundia Peru aldera izan zen 16 urte nituela, 1989an. Geroztik askotan bueltatu naiz kontinente honetara, zenbait udaretan bolondres lana egiten edo bidaitzen.

Brasilgo Amazonian zabiltza. Kanpotik begiratuta paradisua ematen du. Behin barruan egonda ze inpresio daukazu?
Amazonia gauza asko da era berean. Kanpoan bere alde exotikoa da gehien ezagutzen duguna, basoak, animaliak, ibaiak... Baina Amazonian bertan bizi diren herrien bizitza ez da erreza. Herri indigenek beren lurrak mehatxaturik dituzte etengabe, egurra lapurtzera sartzen da jendea beren lurretan, edo urrea eta diamanteak bilatzera. Nekazaritza haundiaren hedapenak ere beren ibaiak kutsatzen ditu, produktu kimiko asko erabiltzen baitira. Herri ez indigenen bizitza ere ez da erreza Amazonian. Aste honetan nekazal erreformak sortutako asentamentu batean egon naiz lauzpabost bat egun. Orokorrean jende oso pobrea da, eta gobernuak lur puska bat ematen dio zerbait landatu dezan. Eguneko euro bat inguru irabazten du familia bakoitzak, eta horrekin gastu guztiak pagatu behar dira.

Amazonia sarritan albiste izaten da basoan egiten diren txikizioak direla eta. Horrelakorik ikusi duzu?
Bai, txikizioa edonon dago. Gaur bertan Amazoniako Ingurugiro Ikerketa talde baten txostena irakurri dut, eta txikizioa haundituz dijoala dio. Errepide berriak edonon egiten ari dira, eta horrek jende gehiago dakar, baita egurraren ustiaketa eta lurren salmenta ilegala ere. Urtero 25.000 km karratu inguru suntsitzen dira Amazonian, hau da, Gipuzkoa baino hamahiru aldiz haundiagoa den baso eremua.

Komunitate indigenekin harreman haundia izan duzu. Nolakoa da haien egoera?
Hego Amerikako herrialde bakoitzean indigenen egoera ezberdina da. Bolivian adibidez indigenak populazioaren gehiengoa dira, Argentinan ordea oso gutxi dira. Arrazismoa nahiko zabaldua dago indigenen kontra, eta ezberdintasun sozial asko daude beren aurka. Herrialde hauek ordea, Mendebaldean galdu dugun aberastasun mota baten azken zaindariak dira: naturarekin eta ingurugiroarekin armonian bizitzeko gai dira, eta "teknologia" hori da nire ustez planetaren krisialdi ekologikoa gainditzeko tresna. Herrialde indigena askok ere beren kultura eta kosmobisioa gorde dute, oso aberatsa gainera, Bolibiako Aymara indigenen artean ikusi ahal izan dudan bezala. Mundua noizbait konturatuko da herri indigenek duten aberastasunaz, eta beren ahotsa ozenki entzungo dugu, ziur nago.

Desoreka haundia dago kalean bizi direnen eta basoan bizi direnen artean?
Bai, nekazal mundua eta hirietako munduak zeharo ezberdinak dira. Hirietan dena azkar dijoa, segurtasun falta haundia sentitzen du jendeak. Nekazal munduko erritmoa bestelakoa da, lasaia, lan gogor egiten da, baina beste modu batean. Nik uste dut nekazal esparruetan aberastasun kulturala gehiago gorde dela, errespetu haundiagoa dago adineko jendearengan, eta umeak sanoagoak dira, inozenteagoak, zentzu onean.

Datozen hilabeteetan zein leku ikusiko dituzu?
Nire bidaiaren azken txanpan nago, datozen asteetan Belem aldera noa, Brasileko Para Estatuan, gero Brasiliara, eta handik Paraguay aldera Hernanira bueltatu baino lehenago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!