GUREA ez da munduan dagoen Hernani bakarra. Gutxienez beste bi herri badira
planetan izen bera jaso dutenak. Bat Australian dago, New South Walesen
(Australiako Hego ekialdean) eta bestea Filipinetan, Ekialdeko Samar
probintzian, Visayas izeneko irletan.
Parke izena zuen komandante ingelesari zor dio Australiako Hernani herriak bere
izena. Militar hau Britaniar legioarekin batera I. Gerra Karlistan aritu zen,
1835. urtean, eta handik Australiara jo zuen urte batzuk beranduago.
Artean herrialde hartako lur asko oraindik esploratu gabe zeuden eta Parke
Komandanteak bere taldearekin la n hori egin zuen. Honela Australiaren hego
ekialdean zegoen meseta batera heldu ziren. Sasiz beteriko lurra zen eta ordura
arte inor gutxi pasa zen bertatik, tribu aborigenak kenduta.
Komandante ingelesari iruditu zitzaion leku hark Karlistadetan ezagututako beste
lur baten antza zuela, gure Hernanirena hain zuzen ere, eta izen hori eman zion
bertan zabaldu zuen rantxoari. Denbora gutxiren buruan herrixka guztiari eman
zioten Hernani izena.
Filipinetako Hernani berriz, Visayas irletako kostaldean dago eta 7.000
bizilagun inguru ditu gaur egun. Bere historiari dagokionez, 1850. urtean
deskubritu zuen Miguel Candido kolonoak eta beranduxeago, 1864. urtean, eman
zion udal izendapena Espainiako koroak.