GOBERNU Batzarra izango da gaur Udaletxean eta bertan adjudikatuko dituzte
Elizatxoko urbanizazioa berritzeko obrak eta baita Atarrabiyo parkean haur
jokoak jartzeko obrak ere. Gobernu Batzarra gaur eguerdiko 13:30etan izango da.
Elizatxoko urbanizazioa berritu
Elizatxoko urbanizazioa berritzeko obrak adjudikatuko dituzte gaur. Egitasmo
hau 2004ko aurrekontuetan onartu zen eta 860.000 euro inguruko aurrekontua du.
Egingo diren obrak dira, besteak beste: zoru berria jarri, ur, argi, telefono
eta abarren sareak berritu, lurpeko kontainerrak jarri, airetik dijoazen kableak
lur azpitik pasa eta traba arkitektonikoak kendu eta ranpak jarri.
Obra hauek egiteko ez da enpresarik aurkeztu eta udal teknikariek proposatutako
hiru enpresen artean aukeratuko dute. Izan ere, urbanizazioko egoera nahiko
kaxkarra da eta irailerako hasi nahi lukete obrekin. Posible litzateke obrak
hasi eta hilabetean bukatuta egotea.
Atarrabiyon haur jokoak
Bestetik Atarrabiyoko parkean haur jokoak jartzeko obrak adjudikatuko
dituzte gaurko Gobernu Batzarrean. Udalaren asmoa da Atarrabiyoko parkean bi
eremu jartzea: bata 4 urtetik beherako haurrentzako jokoekin, eta bestea 4
urtetik gorako haurrentzako jokoekin. Posible da parkea jarrita egotea datorren
udazkenerako.
Beste hainbat puntu
Bi puntu hauetaz gain beste hainbat puntu ere eztabaidatuko dituzte.
Horietako bat da Elola baserria berreraiki eta bi etxebizitza egiteko eskaria
da. Beste puntu bat da Arrikarte eta Urnietako muga arteko bidea eta Akarregi
eta Aristegi baserria arteko bidean lur berria jartzeko lanari buruzkoa.
Zazpigarren puntua da: herri lurretako eremu batean ebakitako egurra ustiatzeko
enkante publikoa.
Azkeneko puntuan onartuko dituzte Biteri kultur etxean hainbat espezialitateko
ikastaroak antolatu eta emateko datorren urteko aurrekontuak. Auzoetan haur
tailerrak emateko egitaraua eta aurrekontuak ere onartuko dituzte.