Gaurtik aurrera arau hauste eta isunekin neurri gogorragoak izango dira

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 10a, 03:00

GAUR jarriko da indarrean Bide Segurtasun Legeari Espainiako Gobernuak egin dizkion azken aldaketak. Aldaketa hauek puntuetako gidabaimenarekin daude lotuta baina lege osoa datorren urtean jarriko dute martxan, seguraski. Gaurtik aurrera indarrean jarriko dituzten aldaketen ondorioa izango da arau-hausteak larriagotzat jotzea eta hauei dagozkien zigorrak gogorragoak izatea.

Aldaketak
Lege honek aldaketak ekarri ditu, esate baterako, isunak ordaintzerako garaian. Isuna 30 eguneko epean ordaindu ezkero %30 gutxiago ordaindu beharko da. Gidabaimena kentzekotan, gutxienez hilabetez kenduko dute. Arau- hausteren bat egin duen gidariak identifikatu nahi ez balu, arau berriarekin, arau-hauste larria izango da. Motorrean atzean doanak kaskoa ez badarama gidariari jarriko zaio isuna, ez bidaiariari orain arte bezala.

Arau-hausteen kalifikazioa
Lege berriarekin arau-hausteen kalifikazioa gogortu egingo da. Lehen arinak ziren arau-hauste batzuk orain larriak izango dira eta lehen larriak ziren beste arau-hauste batzuk orain oso larriak izango dira.
Orain arau-hauste larriak izango dira: gidatzerakoan arreta eragozten duen edozein gauza erabiltzea; ITVa pasa ez duen kotxea erabiltzea; zinturoia lotuta ez eramatea; umeak eraman ahal izateko sistemarik ez erabiltzea eta karneta kadukatuarekin gidatzea. Arau-hauste oso larriak izango dira adibidez, karnetik gabe gidatzea, matrikula gabe gidatzea edo baimenik izan gabe autobia eta autopistetan gidatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!