Suteen aurka hartu diren neurri bereziak ez dira oraingoz Hernanin aplikatuko

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 10a, 03:00

Hernaniko Udaleko ingurugiro teknikariak arretaz ibili behar dela ohartarazi du hala ere, jendearen kontzientzia beharrezkoa dela azaldu du. Iaz Santa Barbaran izan zen sute bat, baina probokatutakoa.

UDARA honetan sute ikaragarriak izan dira han hemenka eta agintariek neurriak hartu dituzte mendialdea kixkali ez dadin. Besteak beste debekatu egin dituztemendian erretzea, parriladak egitea eta antzekoak. Hala ere, Hernanin debeku horiek ez dute eraginik oraingoz, udaletxeko ingurugiro teknikariak Kronikari azaldu dionez. Dena dela, arretaz ibiltzeko eskatu du eta jendeak kontzientzia eduki dezala eskatu.
Iaz izan zen sute bat Santa Barbaran baina probokatutakoa izan zen. Gainera urtero, uztaila heltzen denean mendi aldeak garbitu egiten dituzte arriskua gutxitzeko.
Parriladak egitea gustoko duen jendea lasai egon daiteke beraz. Hernanin bi leku baimendu izan dira zeregin horretarako: Aparrain eta Akola. Aurten ere Diputazioak aurrikusita dauka parrila horiek baimentzea. Baratzetan-eta zikinak erretzeko egiten diren suetaz ezin da gauza bera esan, udaletxeak ez baitu baimenik ematen. Permiso bereziren bat lortu nahi izan ezkero Diputazioan eskatu behar da.

Neguko suteak Gipuzkoan
Gipuzkoan, suteak izateko arrisku haundiena ez da udaran izaten, negu aldean baizik. Horrek badu bere azalpena: abuztuan tenperaturak gora egin arren, hezetasuna mantendu egiten da eta horrek zaildu egiten du landareek su hartzea. Arraroa badirudi ere, negua da Gipuzkoan suteak izateko arrisku haundiena duen urtaroa. Inistorra lehortzean bihurtzen dira hemengo mendiak arriskutsuen, kostaldekoak batez ere.
Neguan izan edo udaran, suteek Gipuzkoan izan duten eragina ez da nolanahikoa: azken hamar urteetan urtero bostehun bat hektarea baso erre dira, hau da, bostehun futbol zelairen azalera duen baso eremua. Azpimarratzekoa da kopuru horretatik zati haundi bat Jaizkibel mendian izandako suek eragindakoa dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!