MIGUEL Angel Garin, atleta hernaniarrak 4 domina lortu ditu Estatu mailako
Atletismo Txapelketan, 40 urtetik gorako beteranoen mailan. Lortutako 4
dominatatik 3 urrezkoak izan dira eta brontzezkoa bestea. Txapelketa
Torremolinosen egin zen bertako atletismo pistan eta balorazioa egiten jarrita,
orokorrean, Miguel Angel Garinek zituen espektatibak bete zituen bertan.
Garinek urrezko dominak lortu zituen: altuera saltoan, luzera saltoan eta 4X100
metro errelebotan. Brontzezko domina 100 metro hesietan lortu zuen.
Erreleboetako frogan, gainera, Espainia mailako errekorra lortu zuen M45
kategorian.
Mundialari begira
Abuztuaren 22an hasiko da Atleta Helduen Munduko Txapelketa eta Miguel Angel
Garin bertarako ere prestatzen ari da. Emaitza onak lortzeko itxaropena badu
atleta hernaniarrak eta teknika eta abiadura hobetzea izango da klabea. Lesioak
ekiditea ere oso garrantzizkotzat jotzen du Garinek, izan ere hainbeste lan egin
eta gero pena litzateke bertan parte hartu ezin izatea.