Goizueta, pilotari herri

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 13a, 03:00

Goizuetak kirolari asko eman ditu, eta onak, baina, batez ere pilotari herria da. Horren erakusle dira, besteak beste: lehen Salaberria, orain olaizolatarrak eta gerora Apezetxea, Narbarte eta beste asko. Hori horrela izateko lanean ari da azken 20 urteetan Umore Ona pilota eskola, Anjel Salaberria buru duela.

UMORE Ona pilota eskola orain dela 20 urte inguru hasi zen lanean herriko gazteak frontoira bultzatu asmoz. Lehen ere joera haundia beti izan du Goizuetak pilotarako eta gazte horiei irteera bat ematen die pilota eskolak. Gaur egun, 20-25 gazte ari dira eskolan eta hori guztia mugitzen 3-4 lagun aritzen dira, Anjel Salaberria buru dutela. Salaberria ezaguna da gaur egun pilota munduan. Frontoian juez lanak egiten ditu eta LEPen 4 urte daramazki. Hala ere, herrian ezaguna da aguazil lanak egiten dituelako eta ume eta gazteei pilotan erakusten dielako. Herriz herri txapelketak Pilota eskolak, asteroko entrenamenduez eta ekintzez gain, inguruko herrietako txapelketetara bideratzen ditu gazteak. Zonaldeko txapelketak: Leitza, Larraun, Betelu... Eta baita urrutiago jokatzen diren txapelketak ere: Baztan, Irurtzun, Iruña, Barañain. Horrela, gazteek partidu mordoxka jokatzen dute urtean zehar, eta kantxari gustoa eta neurria hartzen ikasten dute. Partidu horietara gurasoekin mugitzen dira gazteak, baina, denboraldi bukaera iristen denean Nafarroako Herri Arteko txapelketa izaten dute, eta hara taldean joaten dira eskolako guztiak. Pilotari haundien harrobi Hasiera batean Umore Ona pilotari eskolak 30-35 gazte biltzen zituen eta gaur egun ere ez dira gutxi, 20-25 inguru izango dira orain. Pilotari asko ateratzeaz gain, pilotari onak ere ez dira faltatu Goizuetan. Azkena herriaren izena famatu egiten ari direnak olaizolatarrak dira, dudarik gabe. Asier eta Aimar Olaizolak lorpen haundiak egin dituzte berriki, eta aurrera ere berdintsu jarraitzeko bidean direla dirudi. Profesionaletan bi herritar izateak herriko gazteen artean eragina baduela dio Salaberria pilota eskolako arduradunak: ´buruz buruko lehenbiziko txapela ekarri du Aimarrek Goizuetara eta horrek eragina badu herritarren eta umeen artean. Afizio gehiago sortzen du, lehenaz gain`. Narbarte, Apezetxea... Salaberriak dionez, aurrera begira ere ikusten dira pilotari politak herrian, punta xamarrean ibili litezkeenak. Laister Narbarte eta Apezetxea izan litezke horietako bi. Aimar Olaizolak botako du aurtengo txupinazoa ´Polita da norbere herrian festei hasiera emateko txupinazoa botatzea` AIMAR Olaizolak botako du bihar Amabirjin festei hasiera emateko txupinazoa. Olaizolak Kronikari esan dionez edozeinentzat da polita jaio eta bizi den herriko festei hasiera ematea. Olaizola izan da pilotako buruz buruko txapelketa irabazi duen lehendabiziko goizuetarra, eta besteak beste, horregatik eskatu diote txupinazoa botatzeko. Txapela irabazteak zer suposatzen duen berarentzat galdetuta, Aimarrek ´dena` erantzun du. ´Pilotari batek bere karreran ezin du hori baino gauza haundiagorik eskatu`. Olaizola gustora dago lortu duenarekin eta herrian eman dioten babesarekin ere bai. ´Goizuetan pilotarako afizio haundia dago eta herritar askok animatu naute`. Aurrera begira, epe motzean partidu pila bat jarri dizkio enpresak eta hor ongi kunplitu nahi du Olaizolak. Geroxeago lauterdikoa prestatzen hasiko da, baina, oraingoz ez du gehiegi pentsatu nahi horretan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!