1830. urtean gertatu zen, otsailean. Lehenago Monsieur de Martignac ministroak Victor Hugoren ‘Marion de Lorme’ antzerkia zentsuratu zuen, liberalegia zela esanez.
Baina hura zentsuratzen zuten bitartean, Hugok oraindik ere eskandalu handiagoa sortuko zuen obra idazteari ekin zion: ‘Hernani’. Jakina da Hugok herri hau ezagutu zuela, eta hori izan zen bere antzezlaneko pertsonaia bati eta antzerkiari berari izen hori jartzearen arrazoia.
Estreinatu baino lehen, akademiko talde bat Frantziako erregearenganaino joan zen antzezlana debekatu zezala eskatzeko. Ez zuten nahi zutena lortu eta hortaz, antzerkirako sarrerak erosi eta boikota prestatu zuten.
Baina antzezlana hasi eta segituan, boikoteatzaileak txistuka eta eszenariora gauzak botatzen hasi zirenean, Victor Hugoren aldekoek ostikoka eta ukabilka erantzun zuten eta ‘Hernaniko Bataila’ izenarekin ezagutzen dena hasi zen. Ez dago esan beharrik antzerkiaren alde zeudenek irabazi zutela. Askorentzat erromantizismo frantsesaren hasiera izan zen egun hartakoa.
‘Hernani’-ren beste emanaldiak ere ez ziren edozein modutara egin. Victor Hugo zaharragoa zenean, 1877an, Parisen eskainitako emanaldiaren bukaeran publikoko jendeak loreak eta jantzita zeramatzan lepoko koilareak bota zituen eszenariora, obra zenbat gustatu zitzaien azaltzeko. Hugok emozioz negar egin omen zuen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!